Gizartea -

Pertsonen Salerosketaren aurka

‘Abusu eta esplotazioaren aurreko axolagabekeriak’ salerosketak gora egitea eragin du

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak giza trafikoa gaitzetsi du uztailaren 30an den Pertsonen Salerosketaren aurkako Munduko Egunaren bezperan.

Ezkontzeko trafikante batek saldu dituen Bangladesheko bi neskato. Argazkia: UNICEF/Noorani.
Ezkontzeko trafikante batek saldu dituen Bangladesheko bi neskato.
Ezkontzeko trafikante batek saldu dituen Bangladesheko bi neskato. Argazkia: UNICEF/Noorani.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztailaren 30a urtero egiten den Pertsonen Salerosketaren aurkako Munduko Eguna dela eta, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak komunikatu ofizial batean adierazi duenez, “gure inguruko erasoaren eta esplotazioaren aurreko axolagabekeriak makina bat biktima hiltzen du egunero”.

Portugalgo politikariaren arabera, “enpresa eta negozio askok miseriari etekina ateratzen diote”, eraikuntza sektorean nahiz elikagaigintzan, esaterako.

Guterresen esanetan, trafikatzaileek milaka pertsona hil dituzte itsasoan, basamortuetan eta harrera zentroetan, eta pertsona migratzaileak horien jomuga izan dira.

NBEko idazkari nagusiak, gainera, Nadia Muraden lanak goraipatu ditu. Murad NBEko borondate oneko enbaxadore bihurtu den pertsonen salerosketaren lehen biktima da. Bakearen Nobel Saria jaso zuen 2018an, gatazketan jasotzen diren sexu-erasoak eta salerosketak desagerrarazteko nazioarteko arreta erakartzeagatik.

Salerosketen biktimak

Bestalde, Polizia Kriminalaren Nazioarteko Erakundeak (INTERPOL) bereizi egiten ditu organoen trafikorako pertsonen salerosketa eta nahitaez delitu-jarduerak egiteko pertsonen salerosketak (lapurretak egiteko, droga hazteko, legezkoak ez diren salgaien trafikorako eta nahitaez eskean aritzekoa, besteak beste).

Biktima gehienek sexu-esplotazioa (% 59) pairatu zuten, baina hainbat eraso mota daude, hala nola, bortxazko lanak (% 34) eta beste esplotazio motak (% 7), nahitaez soldatu joan beharra, esaterako.

NBEko Drogen eta Delituen aurkako Bulegoak zabaldutako datuen arabera, iruzkinean agertzen diren 24.678 biktimen % 72 emakumeak eta neskatoak dira. Bulego horren arduradunaren (Yury Fedotov) esanetan, 225.000 biktima erregistratu zituzten 2003a eta 2006a bitartean.

Migrazio segurua, txukuna eta erregularra

NBEko pertsonen salerosketarako errelatore berezia den Maria Grazia Giammarinaroren esanetan, “migrazio segurua, txukuna eta erregularra behar da” migrazio politika murriztaileen ondorioz sortutako irregulartasunek eta zaurgarritasunak esplotazioak eta salerosketak gora egitea eragin dutelako.

“Gizarte-inklusioa da erantzun zuzena eta bakarra”, NBEko errelatorea den epaile italiarraren hitzetan.

Agenda 2030

Antonio Guterresen arabera, herrialde gehienek dituzte pertsonen salerosketa desagerrarazteko beharrezko legeak. Hala ere, “oraindik asko dago egiteko pertsonen salerosketan ari diren nazioarteko sare horiek justiziaren aurrera eramateko”.

Bestalde, NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuen artean, abusuak eta esplotazioa prebenitzeko eta emakumeen eta neskatoen kontrako indarkeria mota guztiak, gatibu lanak eta haurren esplotazioa desagerrarazteko neurriak daudela gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE argazkiak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak