Gizartea -
Lurrikara Murtzian
Lorcako hainbat familia etxera itzuli dira
- Eraikuntzen % 48 bizitzeko egokiak dira, % 40tan arriskua dago eta % 12 ez dira bizitzeko egokiak.
- 3.000 pertsonak elkartasuna agertu diete hildakoen senideei hiletan.
Erredakzioa
Lorcako eraikuntzen azterketa atzo (ostirala) amaitzea espero zuten eta familien erdiak gaua euren etxeetan pasa ahal izango zutela esan zuten agintariek atzo arratsaldean.
Iragan asteazkeneko 4,4 graduko lurrikarak eta 5,1 graduko erreplika indartsuagoak 35.000-40.000 kaltedun utzi zituzten, Udaleko lehen zenbaketen arabera. Kaltedunak pixkanaka-pixkanaka eguneroko ohikeriara itzuliko dira. Hala ere, tragediak bederatzi hildako eta 300 zauritu utzi ditu.
Jose Ballesta Herri-lanetako kontseilariak azaldu zuenez, atzo arratsaldean amaitu zuten eraikuntzen azterketa;&' || 'nbsp; 26 zonetako informazioa zuten agintariek eta 1.374 eraikuntza aztertu zituzten.
Aztertutako eraikuntzen % 48 bizitzeko egokiak dira (berdea), % 40tan arriskua dago (horia) eta % 12 ez dira bizitzeko egokiak (gorria), baina zeintzuk eraitsi beharko dituzten ez dute oraindik zehaztu.
Hilabeteak kanpamentuetan
La Viñako auzoan larrialdi zerbitzuek prestatutako hiru kanpamentuetan hilabeteak emango dituzte 2.000 bat bizilagunek, Udalaren esanetan. La Viña auzorik kaltetuena izan da eta dagoeneko ''herri mamua'' deitu diote. Zonan kaltetutako eraikuntza askok bost urte baino ez dituzte.
Hitzarmen berriak iragarri ditu Zapaterok
Hiria berreraikitzeko eta "etxebizitzak birgaitzeko" hitzarmen berriak sinatuko dituzte Estatuak eta Murtziako erkidegoak, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak ostiralean iragarri zuenez. Ministroen Kontseiluak onartutako neurriak azpimarratu zituen agintariak eta lurrikara "hondamendi handia" izan dela erantsi zuen.
Hileta-elizkizunak
Senideek, agintariek eta Lorcako (Murtzia) bizilagunek azken agurra eman zieten ostiral goizean asteazkeneko lurrikaren ondorioz hildakoei.
Orotara, 3.000 pertsona inguru izan ziren hiletetan, besteak beste Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea eta Asturiasko printze-printzesak.
Ekitaldiak ordubete iraun zuen, eta Jose Manuel Planes Cartagenako gotzainak zuzendu zuen, Santa Quiteriako azoka-esparruan.
Hiletan lau hilotz baino ez ziren izan. Izan ere, beste bost biktimen familiek elizkizun pribatuak egitea nahiago izan zuten.
Ekitaldia hasi baino lehen, Felipe eta Letizia printze-printzesak hildakoen senideengana hurbildu ziren, eta elkartasuna adierazi zieten.
Zapatero eta printze-printzesak ez ezik, beste hainbat agintari ere izan zirenhiletan, hala nola Ramon Luis Valcarcel Murtziako presidentea, Francisco Jodar Lorcako alkatea, Francisco Camps Valentziako presidentea eta Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramailea.
Hileta hasi baino lehen, Zapaterok Lorca berriz eraikitzeko hitzarmenak iragarri zituen.
Kaltedunentzako telefono zenbakia: 900 117 816