Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia ezarri dute gaurko, prezipitazio handiengatik
Abisu horia 03:00etatik 09:00etara eta 15:00etatik 21:00etara egongo da indarrean. Zenbait tokitan metro koadroko 15 litro ur baino gehiago pila daitezke ordubetean.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaurko, 03:00etatik 09:00etara eta 15:00etatik 21:00ak arte, prezipitazio handiengatik.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak jakinarazi duenez, zenbait tokitan metro koadroko 15 litro ur baino gehiago pila daitezke ordubetean.
Giro nahasia eta ezegonkorra iragarri du Euskalmetek gaurko. Hodei trinkoak agertuko dira goizeko lehen ordutik, eta euria egingo du. Zaparradak nonahi bota ditzake eta ekaitzak ere jo dezake.
Lurraldearen ekialdean espero dira prezipitazio handienak, eta zaparrada mardulak izan litezke. Litekeena da eguerdian une lasaiagoak eta aterrune luzeagoak izatea. Euskal Autonomia Erkidegoan, iparraldetik eta ipar-ekialdetik joko du haizeak, eta, Nafarroan, ostera, hego-ekialdetik. Baliteke egunaren amaieran ziertzoa agertzea. Dena dela, ez da tenperatura aldaketarik espero.
Ostiralean, berriz, eguraldi eguzkitsua espero da. Tenperaturak gora egingo du, eta, beraz, eguraldi ona nagusituko da. Hala ere, hodei batzuekin hasiko da eguna, iparraldean batez ere, baina eguerdi alderako argitzera egingo du.
Arratsaldean, giro eguzkitsua nagusituko da lurralde osoan. Iparraldeko eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, baina, hala ere, tenperatura maximoek apur bat egingo dute gora, eta leku askotan 25 ºC baino gehiago espero dira.