Gizartea -
GIPUZKOA
Iglesiasen lanak Santa Claran izan ditzakeen ondorioengatik, ekologistak kezkatuta
Uhartera bisitari gehiago joateak ekosistema arriskuan jarriko lukeela uste dute talde ekologistek, garraio eta baliabide zerbitzu gehiago ekarriko baititu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Talde ekologistak "kezkatuta" azaldu dira Cristina Iglesiasen lanak Donostiako Santa Clara uhartean izan ditzakeen ondorioengatik, modu "itzulezinean" eragin baitiezaioke "balio ekologiko handiko enklabe honi".
Haien kezkak ez duela zerikusirik artistaren lanarekin argitu dute Ekologistak Martxan, Haritzalde Naturzaleen Elkartea eta Bizilagunekin Plataforma taldeek.
Kezkak Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak egindako "apustu finkoarekin" duela lotura azaldu dute, proiektua Santa Clara uhartea bezalako "balio ekologiko eta hauskortasun handiko enklabean" garatzeagatik.
Uhartera bisitari gehiago joateak ekosistema arriskuan jarriko lukeela uste dute, garraio eta baliabide zerbitzu gehiago ekarriko baititu. Gainera, uhartea babestutako biotipo izendatzea eskatu diete erakundeei, eta etorkizunean azpiegiturak, sarbideak eta garraioak ez areagotzeko konpromisoa hartzea.