Gizartea -
British Airways
19 bidaiari arin zauritu dira Valentzian, hegazkineko motor batek su hartu ondoren
Hiru zauritu ospitalera eraman behar izan dituzte, kea arnastu baitute, eta gainerakoak aireportuan bertan artatu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
19 pertsona arin zauritu dira, British Airways konpainiako hegazkin batek Valentzian lur hartu ondoren. Hegazkineko motorretako batek su hartu du, Espainiako Gobernuko iturri ofizialek jakitera eman dutenez.
Hiru zauritu ospitalera eraman dituzte, kea arnastu baitute. Gainerako zaurituak, berriz, aireportuan bertan artatu dituzte. Batzuek urratuak zituzten eta beste batzuk antsietateak jota zeuden, Espainiako Gobernuak Valentzian duen Ordezkaritzako iturriek azaldu dutenez.
Lur hartzean hegazkineko motorretako batean sua zegoela ohartarazi diote erkidegoko larrialdietarako zentroari, baina suhiltzaileak heldu direnerako ez zegoen surik, kea baizik.
Londres-Valentzia ibilbidea egiten ari zen hegazkina gelditutakoan, hegazkineko larrialdietarako irteerak zabaldu dituzte, eta bidaiariak irteera horietatik atera dira. Orduan zauritu dira bidaiarietako batzuk.
Larrialdietarako zentroaren arabera, aireportuak ez du larrialdi fasea martxan jarri, baina hegazkinen trafikoa desbideratu behar izan dute 25 bat minutuz.