Gizartea -
Klima aldaketa
2019ko uztaila, datuak daudenetik izandako beroena
2016an ezarritako marka ere gainditu du joan den hilabeteak. Duela hiru urte 'El Niño'k planeta osoko tenperaturak igoarazi zituen; oraingoan, baina, ez dugu halakorik izan.
Agentziak | Erredakzioa
Munduko tenperaturak markak hausten jarraitzen du. Datuak jasotzen direnetik, 2019ko uztaila inoizko beroena izan da.
Copernicus Climate Changek egindako buletinaren arabera, 1981-2010 urteen arteko batezbestekoa baino 0,56 ºC beroagoa izan da 2019ko uztaileko tenperatura, eta 2016an ezarritako marka ere gainditu du (0,04 ºC gehiago). Batez beste, 16,6 ºC izan dira aipatu hilabetean.
Uztaila urteko hilabeterik beroena izan ohi da mundu osoan. Orain arteko marka 2016koak zuen. Orduko hartan El Niño fenomenoak —Ozeano Bareko berotzea ekarri zuen fenomeno klimatikoa— mundu osoko tenperaturak igoarazi zituen. Oraingoan, baina, ez da halakorik egon. Adituen esanetan, klima aldaketaren ondorioak azkartzen eta larriagotzen ari dira.
Europako batez besteko tenperaturen irregulartasunak neguan izan ohi dira, eta hilabete baten eta hurrengoaren artean alde handiak egon ohi dira. 2019ko ekaina, ordea, batezbestekoa baino 2,3 ºC beroagoa izan da.
2019ko uztailean, Europako tenperaturek aise gainditu dute 1981-2010 epeko batezbestekoa. Mendebaldeko Europan handiagoa izan da tarte hori, hilabeteko azken astean izandako bero-bolada labur baina biziaren eraginez. Ekialdeko Europan, aldiz, batezbestekotik behera egon dira tenperaturak, batez ere ipar-ekialdean.