Gizartea -
Trafikoa
Edanda zihoan autobus gidari batek istripua izan du Barakaldon
Ezbeharra 05:50 inguru jazo da N-634 errepidean. Hainbat bidari arin zauritu dira, kolpearen ondorioz.
EITB.EUS
Bizkaibuseko autobus bateko hainbat bidaiari arin zauritu dira gaur Barakaldon (Bizkaia) gertatutako trafiko ezbehar batean. Gidariak positibo eman du alkoholemia proban, Barakaldoko Udaleko iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez.
Istripua 05:52an jazo da, autobusak pibote batzuen kontra jo duenean N-634 errepideko 120. kilometroan (tanatorioaren aurrean). Barakaldoko Udaltzaingoko hainbat patruila eta anbulantzia bat bertaratu dira. Hainbat bidaiari Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan dituzte, zaurituta. Ezbeharra gertatu den unean 10 bat lagun zihoazen autobusean.
Agenteek alkoholemia proba egin diote gidariari, eta horrek positibo eman du. Hori horrela, Bizkaibuseko beste gidari batek hartu behar izan du autobusa —ez du kalte material handirik izan, eta bidaiarekin jarraitu ahal izan du—. Hainbat bidaiarik gidariaren kontrako salaketa aurkeztu dute.