Gizartea -
Jangeletako greba
Hezkuntzak langileei hobekuntzak kentzea aztertuko du akordiorik ezean
Sindikatuek salatu dutenez "enpresek ez daukate presarik gatazka konpontzeko", eta grebaren hirugarren astea betetzen den honetan gurasoak kalera irten dira "nazkatuta" daudela esateko.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikoan lan egiten duten jangeletako langileei ohartarazi die enpresekin akordio batera iristen ez badira berriro pentsatuko dituela zerbitzu horretan martxan jarritako hobekuntza batzuk; begiraleei urtean 18 lanordu gehiago jartzea, esaterako.
Hori da Marisol Esteban Administrazio eta Hezkuntza Zerbitzuen sailburuordeak aurreratu duena, langileen eta enpresen arteko gatazkari irtenbidea aurkitzeko Jaurlaritzak astelehenean Gasteizen egindako bileraren ostean eskainitako prentsaurrekoan.
Irakaskuntza publikoko eskoletako jangeletako grebak hirugarren astea du jarraian eta sailburuordeak lanuzteak deitu dituzten sindikatuei -ELA, LAB eta UGT- "ikasleak bahitu moduan ez erabiltzeko" eta protestak bertan behera uzteko eskatu die.
"Ez daukate konpontzeko presarik"
Eskola jangeletako sindikatuek, berriz, enpresek ez daukatela presarik gatazka konpontzeko salatu dute, dagoeneko greben hirugarren astea baitute. Atzo (astelehena) Bilbon egin zuten manifestazioan iragan asteazkenetik ostalarien patronalak duen "isiltasuna" salatu zuten langileek.
Gaineratu zuten, gatazkaren konponbidea negoziazio mahai batean egongo dela eta ez gatazka konpontzeko prozedurarekin (Preco), hori "inposizio" bat delako eta modu horretan gatazka kaleetatik desagerrarazi bai, baina geletan jarraituko lukeelako.
Gurasoak "nazkatuta"
Eskola publikoetako langileen grebak kaltetzen dituzten 200 bat guraso ere Irunen (Gipuzkoa) kalera atera ziren atzo astelehena jangelak irekitzeko eskatu eta jangeletako grebarekin "nazkatuta" daudela esatera.
Kontzentrazioa "Konponbidea orain: ezin dugu horrela jarraitu" leloa zuen pankarta baten atzean egin zuten kazuela eta txilibitu soinuez lagunduta.
Ana Grijalba, Txingudi Ikastolako AMPAko idazkariak Jaurlaritzari eskatu dio beharrezko neurriak hartzeko langileek lana eta bizitza familiarra ekonomiari kalterik egin gabe uztartu ditzaten. Enpresei eta sindikatuei berriz, konponbide bat aurkitzeko saia daitezela eskatu die.