Gizartea -
Euskadin
Beltran de Heredia: 'Ez dago aurreko urteetan baino sexu-abusu salaketa gehiagorik'
Bestalde, eraso sexistak saihesteko asmoz Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak zabaldu dituzten liburuxken harira, arreta erasotzaileengan jarri dutela esan du Segurtasun sailburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi duenez, iazko datuekin alderatuta, aurten ez dira sexu-abusu gehiago salatu Euskadin. “Dena dela, salaketa edo eraso bakar bat kezkatzeko modukoa da, baina, egiari zor, aurten ez dira aurreko urteetan baino salaketa gehiago jarri”, esan du Beltran de Herediak.
Ser irrati katean egindako elkarrizketa batean, Segurtasun sailburuak esan du emakumeen sexu askatasunaren aurkako “salaketa gutxi” jarri direla aurten, baina horietako eraso bakoitzari ez diela “inolako garrantzirik kendu nahi” azpimarratu du.
Bestalde, eraso sexistak saihesteko asmoz Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak Andre Maria Zuriaren jaietan zabaldu dituzten liburuxken inguruan hitz egin du Beltran de Herediak. Gasteizko Mugimendu Feministak esku-orri horiek erretiratzea eskatu zuen, “emakumeen askatasuna mugatzea” bilatzen dela iritzita. Alabaina, Segurtasun sailburuak esan du “gaizki ulertuak” egon direla liburuxka horrekin.
“Arreta ez da emakumeengan jartzen, eta, horren helburua ez da emakumeen askatasuna mugatzea. Eraso egiteko prest dauden pertsonak bizi diren gizarte batean gaude. Arrazoi horregatik, arrisku horiek aztertu eta horiek saihesteko neurriak hartu behar ditugu”, esan du Beltran de Herediak.
Sexu-erasoak saihesteko liburuxkan, nolanahiko hitzordurik ez onartzea edota itsu-itsuan ezezagunekin ez elkartzea eskatzen du Ertzaintzak. Halaber, hitzorduak leku ezagunetan izatea, eta adiskideren bati horren berri ematea gomendatzen du. Horrez gainera, gauez leku bakartietatik edo argi gutxi duten lekuetatik bakarrik ez ibiltzea aholkatzen du. Bestalde, pertsona bati errespetu faltak edo jazarpen-jarrerak ikusiz gero ingurukoei ohartarazteko eskatzen du.
Segurtasun sailburuak ziurtatu duenez, ez dago “inolako zalantzarik” arreta erasotzaileengan jarri dutela. “Zigor Kodeak delituak egiten dituzten gaizkileak zigortzen ditu. Eraso sexistei aurre egiteko jarraibideak eta aholkuak biltzen dituen liburuxka hau kaleratzen dugun hirugarren urtea da, ezer arrarorik gabe”, nabarmendu du Beltran de Herediak.
Testuinguru horretan, Beltran de Herediak azpimarratu du aholkuen artean ez dagoela "edozein emakumek bere etxean entzun ez duen ezer, ezta edozein amak edo arrebak festara joango diren neska edo mutilei aholkatzen diona ere”. Izan ere, eraso sexistei aurre egiteko liburuxkak emakume zein gizonei zuzenduta daudela esan du.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.