Gizartea -

IMMIGRAZIOA

'Open Arms' ontziak beste 39 migrante erreskatatu ditu Mediterraneoan

Migratzaileen Nazioarteko Erakundearen kalkuluen arabera, aurten 840tik gora pertsona hil dira Mediterraneo itsasoan.

Open Arms erakundeak, gaur goizaldean, Twitterren zabaldutako irudia.
Open Arms
Open Arms erakundeak, gaur goizaldean, Twitterren zabaldutako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beste 39 migratzaile erreskatatu ditu Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen itsasontziak, larunbat goizaldean. Beraz, 160 pertsona daude barruan, portu seguru batera heltzeko zain. Erakundeak esan duenez, Maltak azken 39 horiei besterik ez die lehorreratzen uzten.

Mediterraneoko pateren egoera behatzen duen Alarm Phonek ostiral gauean Malta inguruan ontzi bat arriskuan zegoela esan zuen. Baina, azkenean, ez dira Maltako indarrak laguntzera joan direnak, baizik eta Open Arms.

"Azken gauean 39 pertsona erreskatatuta, ontzian dauden 121 pertsonei batu zaizkie. Denek behar dute portu seguru batera heltzea ORAIN", esan du erakundeak Twitterren.

Open Armsek esan duenez, ontziak erreskatatutako azken 39en porturatzea besterik ez du onartu Maltak. Hori "onartezina" da erakundearentzat.

"Maltak ez die 9 egun ontzian eman dituzten 121 pertsonei porturatzen utziko", deitoratu du Twiterren.

Hori "onartezina" dela gehitu du erakundeak. "Ontzian segurtasun arazo larriak eragin" dituela esan du Oscar Camps arduradunak, eta erreskatatuen artean antsietate maila larria dagoela esan du.

Beste 85 migratzaile 'Ocean Viking' ontzian

160 pertsona hauetaz gain, Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee erakundeen 'Ocean Viking' ontziaren barruan dauden beste 65 ere zain daude. Horiek ostegunean erreskatatu zituzten Libiako kostaldetik gertu.

Matteo Salvini Barne ministroak ohartarazi duenez, ez die ontziei Italian porturatzen utzi, Parlamentuak Italiako uretan agintarien baimenik gabe sartzen diren gobernuz kanpoko erakundeentzat milioi euro arteko zigorrak aurreikusten dituen dekretu bat onartu eta hiru egunera.

Migratzaileen Nazioarteko Erakundearen kalkuluen arabera, aurten 840tik gora pertsona hil dira Mediterraneo itsasoan. Horien atean, 576 Italia edo Maltako kostaldera heltzera saiatzen ari ziren.

Eusko Jaurlaritza, bestalde, Open Armsek Mediterraneoan erreskatatutako migratzaileen harreran parte hartzeko prest agertu zen astelehenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Mediterraneo itsasoko kostaldea Italia Errefuxiatuak azken ordukoa Malta albisteak Giza eskubideak Gobernuz kanpoko erakundeen albisteak