Gizartea -
FORMAKUNTZA BEKAK
Hamazortzi gaztek Euskadiko arrantza ontzietan praktikak egingo dituzte
Eusko Jaurlaritzako Itsasoratu programak sektorean gazteen enplegua eta belaunaldi erreleboa bultzatzea du helburu.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzako Itsasoratu beka programaren barruan, Pasaiako, Bermeoko eta Ondarroako arrantza eskolan jasotako prestakuntza praktikan jartzeko aukera izango dute hamazortzi gaztek. Lehen eskutik ezagutuko dute itsasoan lan egitearen esperientzia. Era berean, hamabost armadorek bekadunen laguntza jasoko dute euren ontzietan.
Programaren helburuak ondorengoak dira: sektorean gazteen enplegua bultzatzea, arrantza-ontzietako plantilla gaztetzen laguntzea eta, horren bitartez, belaunaldi erreleboa bermatzea.
2016an abian jarri zutenetik, 83 gaztek eta 70 armadorek parte hartu dute programan. Hiru urtetan, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro inguru bideratuko ditu ekimen horretara.
Betekizunak eta baldintzak
Beka eskuratzeko, Lanbide Prestakuntzarako eskolan Erdi Mailako eta Goi Mailako Prestakuntza Zikloetako 1. kurtsoko ikasleak izan behar dira, eta kurtso horretako ikasgai guztiak gaindituta eduki behar dituzte. Ziklo horiek Pasaiako Itsas Arrantzarako Prestakuntza Zentroan, Blas de Lezon; Bermeoko Itsas Arrantzako Lanbide Prestakuntzarako Eskolan eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzako Lanbide Heziketako ikastetxean.
Beka programa honen bitartez, aurreko hiru urtetan, guztira, 65 gazte (12 2016an, 29 2017an eta 24 2018an) sartu ahal izan dira itsas eta arrantza sektorean.
Itsasoratu programak ostatua, desplazamenduak, janak, materialak eta praktikak egiteak dakartzan gastuak finantzatzen ditu.
Egonaldia marea baten parekoa izango da, hots, 20-30 egun ingurukoa, eta 2019ko bigarren seihilekoan egingo da. Enpresa onuradunek prestakuntza egonaldi baterako baino ez du hartuko ikaslea.
Denbora tarte horretan, ikasleen jarraipena eta tutore lanak egingo dituzte eta, praktikak bukatzean, azken balorazio txostena idatziko dute.