Gizartea -

Iragarpena

Hodeiak eta zaparrada txikiak nagusituko dira aste hasieran

Astelehenean gehienezko tenperaturak ez dira 21º C-tik pasako. Egunak aurrera egin ahala, berriz, maximoak gora eta minimoak behera egitea espero dute.

Eguraldiaren iragarpena. Argazkia: EiTB
2019ko abuztuaren 12tik 18ra arteko asteko iragarpena. Argazkia: EiTB
Eguraldiaren iragarpena. Argazkia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abuztuaren 12tik 18ra bitartean, eguraldia hodeitsua izango da eta euria egin dezake, bereziki, aste hasieran. Astelehena egun freskoa eta oso hodeitsua izango da, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera.

Astelehenean, zaparrada txikiak botako ditu goizean, iparraldean eta kostaldetik gertu batez ere, eta ekaitzak jo dezake. Hegoaldean, aldiz, hodeitza saretuagoa izango da, ondorioz, ia ez da prezipitaziorik egongo. Ipar-mendebaldeko haizea ezatsegina izango da; kostaldean eta Ebro Ibarrean, haize-bolada indartsuak izango dira.

Tenperaturek jaisten jarraituko dute, eta asteleheneko gehienezko tenperatura ez dira 21º C-tik pasako. Bilbon, 15º C-ko minimoak eta 21º C-ko maximoak egingo dituztela iragarri dute. Donostian, berriz, gradu bat baxuagoak izango dira, tenperaturak 14 eta 20 graduren artean ibiliko dira. Gasteizen kasuan, gutxieneko tenperaturak 11º C-koak eta gehienezkoak 20º C-koak izango dira. Iruñean, eguraldi berotsuagoa espero dute, 16º C-ko minimoak eta 21º C-ko maximoak edukiko dituzte.

Euskalmetek iragarri duenaren arabera, eguraldi hobea egingo du asteartetik aurrera. Goizean, hodeiak ugariak izango dira eta euri apur bat egin dezake, bina arratsaldean eta gauean gutxituko dira, batez ere, hegoaldean. Iparraldeko haizea izango da, ipar-ekialdera egin arte.

Gutxieneko tenperaturek behera egingo dute, gehienezkoak, bestetik, altuagoak izango dira. Donostian, esaterako, minimoak gradu bat baxuagoak (13º C) izango dira, eta maximoak gradu bat altuagoak (21º C). Bilbon eta Gasteizen, minimoek gradu bat behera egitea eta maximoek bi gradu gora egitea espero dute. Horrela, Bilboko tenperaturak 14 eta 23 gradu artekoak izango dira; bestalde, Gasteizen, 10 eta 22 gradu arteko tenperaturak zango dituzte. Iruñean, gutxienezko tenperaturak 13º C-koak eta gehienezkoak 22º C-koak izango dira.

Era berean, asteazkenean gutxieneko tenperaturak baxuagoak eta gehienezko tenperaturak altuagoak izatea espero dute. Asteazkena ez da aurreko egunak bezain hodeitsua izango, iparraldean, goizean eta gauean, noizbehinka hodeiak nagusitu arren. Goizean, lanbroa edo lainoa izan daiteke. Norabide aldakorreko haize ahula jasoko da, eta arratsaldean ipar-ipar-mendebaldetik finkatuko da.

Asteburu aurreko egunei buruz, Euskal Meteorologia Agentziak ostegunean eta ostiralean hodeiak nagusituko direla adierazi du. Ostegunean, tenperatura ez da asko aldatuko, ostiralean, aldiz, gora egitea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Donostia albisteak Iruñeko argazkiak Gaurko albisteak Nafarroan EAE Eguraldia argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak