Gizartea -
80 hedabide baino gehiago
Euskarazko hedabideek kolokan ikusten dute etorkizuna
Euskarazko 80 hedabide pribatuk baino gehiagok 2012an diru-laguntza publikoak % 25 handitzea eskatu diete erakunde publikoei.
Erredakzioa
Euskaraz jarduten diren 80 hedabide pribatuk baino gehiagok sektorearen egoera kritikoaz eta "desagertzeko" arriskuaz ohartarazi dute; azken hilabeteotan bilerak egin dituzte erakundeekin eta alderdi politikoekin.
Hedabide horietako ordezkariek Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta foru aldundiekin, eta alderdi politikoekin egindako bileren ondorioak azaldu dituzte gaur Donostian egin duten prentsaurrekoan.
Agiri batean jakinarazi dutenez, prentsan, irratian, telebistan eta Interneten lan egiten duten hedabideen proposamenak "harrera oso ona" izan du, eta sektorearen egoeraz kezkatu dira.
Ildo horretan, erakundeen publizitaterako diru-laguntza publikoak euskarazko hedabideetan 2012an % 25 handitzea eskatu dutela azaldu dute.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak Hakoba batzordea deitu eta sektore mahaia osatzeko konpromisoa hartu duela azaldu dute.