Gizartea -
BILBO
Bilboko Konpartsek erasoen aurrean autodefentsa proposatu dute
C. Tanganaren kontzertuaren harira, "eduki matxista eta misoginoak zabaltzen dituzten kultur-adierazpenek gure jaietan tokirik ez dutela" esan du konpartsakideek
eitb.eus
Bilboko Konpartsek argi adierazi dute astelehen honetan erasorik gabeko Aste Nagusia nahi dutela, eta "gozamenaren, errespetuaren eta elkarzaintzaren aldeko" aldarria egin dute.
'Erasoen aurrean, Autodefentsa!' lelopean, agerraldia egin dute Bilbon. "Geure gorputzak eta geure erabakiak beti ere errespetatuko diren jaiak nahi ditugu. Giroa eta espazioa aske gozatu nahi ditugu. Inongo erasorik jasateko arriskurik gabe egin nahi dugu dantza, kantu, barre eta poteatu", adierazi dute.
Halaber, argi utzi dute "inolako babosoren piroporik nahi ez dutela, ezta jazarriko gaituen matxirulorik edo gutxietsiko gaituen kiderik". Ildo horretan, "ez dugu etxera lagunduta itzuli nahi, etxera onik heldu garenentz kuadrilakoak kezkatuta egotea", esan dute.
Bilboko Konpartsakideek aurreikusitako gidoia iraultzeko konpromisoa hartu dutela adierazi dute, eraso sexistei irmoki aurre egitekoa. Horretarako, "gaiari heltzeko beren beregi sortutako lantaldea dugu, urte osoan zehar lan horretan sakon diharduena eta eraso sexistak gertatutakoan erantzun-protokoloa ezartzeaz harago jarduten dena, horiek gertatzea ekiditeko lan ere egiten baitu. Horrela, emakumeok seguruago sentitu eta askeago biziko dugun jaigunea eraikitzeko lan egiten dugu konpartsa guztion artean".
Errealitate hori gizarteratu eta konpartsakide guztiak inplikatu dituzte lan horretan; hala, azaldu dutenaren arabera, "sentsibilizazio-, deseraikitze- eta ahalduntze-tailer eta jardunaldiak" antolatu dituzte azken urteetan zehar; eta "datorren lekutik datorrela, matxismoaren edozein adierazpen identifikatzeko eta haren aurrean erantzun aktiboa emateko tresnak eskuratzen ari gara. Eta erantzuten segiko dugu, erabat erasorik gabeko jaigunea izan arte", azaldu dute.
Aurten ere, erasorik gabeko jaigunea seinalatuko duten pankarta eta banderin moreez beteko dute Bilboko Konpartsek jai-eremua. "Jakin dezatela erasotzaileek ez direla ongi etorriak, ez ditugula gure festetan nahi, espazio honetan edozein jarrera sexistarekiko zero tolerantzia dugula, eta zalantza-izpirik gabe erantzungo dugula. Konpartsakideon artean eraikitzen dugun espazio honetan antolatuta eta prest gaude erantzuna emateko".
Musikaren bidez transmititzen diren balioak
Aurreko astean C. Tanganaren kontzertua bertan behera geratu izanari dagokionean, Bilboko Konpartsetatik haien balorazioa egin dute, eta arestian azaldutako aurrelana eta argumentuak oinarri, adierazi dutenaren arabera, "gure jaietan ez dute lekurik eduki matxista eta misoginoak zabaltzen dituzten kultur-adierazpenek, emakumeok objektu sexualak baikina irudikatzen gaituztenak eta tratu txarrak eta inpunitatea zilegitzen dituztenak, berdin dio zein den horiek babesteko baliatzen diren argudioak".
Bestalde, Bilboko herritarrek iragan astean izandako jarrera eta erantzuna txalotu dute eta begi onez hartu dute herritarren aldarria entzun, kargu hartu eta Udalak aipatu kontzertua bertan behera utzi izana.
"Baloreak transmititzeko bestelako bidea ere bada musika, eta ez dugu nahi bere bitartez emakumeon kontrakoak diren baloreak zabaldu eta maskulinitate eredu falozentriko, lehiakor eta zapaltzailea indartzea, esku artean dugun kasuan agerikoa den bezala", gaineratu dute.