Gizartea -

Bizkaia

81 urteko gizon bat hil da Santurtzin auzokoen artean izan den liskar baten ostean

Ertzaintzak ikerketa abiatu, eta 42 urteko gizon bat atxilotu du, heriotza horrekin zerikusia duelakoan.

Santurtziko etxe honetan izan da gertakaria. Argazkia: EFE.
Santurtziko etxe honetan izan da gertakaria. Argazkia: EFE.
Santurtziko etxe honetan izan da gertakaria. Argazkia: EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

81 urteko gizon bat hil da Santurtzin (Bizkaia), auzokideen arteko borroka batean erorikoa jasan ostean; Ertzaintzak 42 urteko gizon bat atxilotu du, homizidioa egotzita, Europa Pressi Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren iturriek baieztatu diotenez eta EiTBk jakin ahal izan duenez.

Astelehen arratsaldean gertatu zen guztia, 17:30 aldera, Larrarte Anaiak kalean. Ordu horretan, 42 urteko gizon bat bera bizi den eraikin bereko etxebizitza batera joan zen, bertatik entzuten ziren zaratengatik kexatzera.

Aipatutako etxebizitzan, lau lagun zeuden, 81 urteko gizon bat tartean, eta eztabaida sortu zen, bien artean, baita borroka ere. Elkarrekin borrokan ari zirela, adineko gizona lurrera jausi zen, eta kolpea hartu zuen buruan. Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta gauean hil da, eroritakoan izandako kolpearen ondorioz.

Beste eztabaida batzuk, auzokideekin

Gertakariaren berri jasotakoan, Udaltzaingoa bertaratu zen, eta etxebizitzan zeuden lau lagunak identifikatu zituen, biktima eta kexatzera joan zen gizona tartean. 42 urteko gizonak ez du aurrekaririk, baina aurretik ere joan da inoiz adinekoaren etxera, kexatzera.

Biktimaren senideek haren heriotzaren berri ematera eta salaketa jartzera joandakoan, Udaltzaingoak Ertzaintzaren esku utzi ditu izapideak, ikerketa hori bere gain har dezan.

Ertzaintzak goizean atxilotu du ustezko egilea, borrokan nahasitako gizona, eta izapideak abiatu ditu, ustezko homizidio-delitu bat egotzita. Beharrezko eginbideak bukatutakoan, epailearen esku utziko dute.

Albiste honi buruzko informazioa ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoriako albistegietan eguneratuko da, baita eitb.eus-en ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Santurtzi Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak