Gizartea -

Laguntzak

25,2 milioi euro bideratuko dituzte uholdeek Nafarroan eragindako kalte-ordainetara

Orain arte, 2.000 erreklamazio inguru jaso ditu partzuergoak, eta 6 milioi euro baino gehiago eman ditu kalte-ordainetan. Bitartean, normaltasunera itzultzen ari dira kaltetutako leku gehienetan.

Tafalla. Artxiboko argzkia: EFE
Tafalla. Artxiboko argzkia: EFE
Tafalla. Artxiboko argzkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainian, fenomeno naturalek eragindako kalteen ordaina emateaz arduratzen den Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak 25,2 milioi euro bideratuko ditu uztailaren 8ko uholdeek Nafarroan eragin zituzten kalteak ordaintzera. Urak Foru Erkidegoko hainbat udalerri hartu zituen; Tafalla eta Erriberri, esaterako.

Orain arte, 2.000 erreklamazio inguru jaso ditu partzuergoak, eta 6 milioi euro baino gehiago eman ditu kalte-ordainetan. Bitartean, normaltasunera itzultzen ari dira kaltetutako leku gehienak. Ostegunean, N-121 (Iruña-Tutera) eta NA-5110 (Puiu-Lerga) errepideen arteko elkargunea ireki zuten berriro, uholdeek eragindako kalteak konpontzen amaitu ondoren.

Kalte materialak ez ezik, gazte baten heriotza ere ekarri zuten uholdeek Ezporogin. Tafallan ez beste 22 udalerritan izan ziren uholdeak. Lur-jausiak eta hondoratzeak ere gertatu ziren hainbat errepidetan; horietako asko lurrez beteta geratu ziren.

Zehazki, ondorengo 23 herri hauetan izan ziren kalteak: Barasoain, Beire, Caparroso, Eslaba, Ezporogi, Garinoain, Ibargoiti, Itzagaondoa, Leoz, Lerga, Elo, Murillo el Cuende, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx, Tafalla, Uxue, Untzitibar eta Urrotz.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak hondamendi eremutzat jo zituen uztailean kaltetutako hamahiru udalerri. Horrek esan nahi du udalerri horietako bizilagunek ez dituztela zenbait udal-tasa ordaindu beharko. Halaber, udal horietan Nafarroako Tokiko Azpiegituren Plana garatzeko inbertsioak lehenestea aurreikusi zuen Foru Gobernuak.

Guztira, Aseguruen Partzuergoak 74 milioi euro bideratuko ditu uztailaren amaierara arte izandako denboralengatik, batez ere Espainia iparraldean. Ekonomia Ministerioari atxikita dagoen erakunde horrek, bere eginkizunen artean, aparteko arriskuek (hondamendi naturalak eta terrorismoak, besteak beste) eragindako kalteak ordaintzea du helburu.

Partzuergoak kasu horietan guztietan jarduten badu ere, kaltetuek aldez aurretik aseguru bat hitzartuta izan behar dute kalte-ordainak jaso ahal izateko. Horrela, hondamendi naturalak edo bestelako kalteak gertatzen diren unean ondasunak aseguru-poliza batekin babestuta egon behar dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Denboraleak Gizartea Eguneko albisteak Tafalla Albisteak Nafarroako Gobernua Uholdeak bideoak Erriberri azken ordukoa