Gizartea -

Sutea, duela urtebete

Aldanondok, Idiazabal gaztaren enpresarik nagusienak, desagertzeko arriskua du

Duela urtebete, sute batek Aguraingo fabrika suntsitu zuen. Aldanondo Elikadura Korporazioaren arduradunek zehaztu dutenez, aseguru-etxeak blokeatuta du sute horren kalte-ordainketa.

Sutea 2018ko abuztuan izan zen. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Sutea 2018ko abuztuan izan zen. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Aldanondo gaztandegiaren etorkizuna, kolokan

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idiazabal Jatorri Deiturako enpresa handiena den Aldanondo Elikadura Korporazioaren arduradunek astearte honetan salatu dutenez, desagertzeko arriskuan dago; izan ere, duela urtebete, 2018ko abuztuaren 13an, sute batek Aguraingo (Araba) fabrika suntsitu zuen, eta, aseguru-etxeak sute horren kalte-ordainketa blokeatzen jarraitzen badu, enpresa desager liteke.

Korporazioak agiri baten bidez ohartarazi duenez, kolokan daude bai Idiazabal gaztako Euskadiko industria-enpresa bakarra (liderra da jatorri-deitura horretan), baita Arabako fabrikak zituen 50 lanpostuak ere. Sutea gertatu zenean, fabrika horrek 200.000 litro esne bilakatzen zituen gazta, eta bi milioi kilo gazta gordetzen zituen.

Sutea, duela urtebete

Sutea duela urtebete piztu zen, gauean, "ustekabean", inor lanean ez zegoela bateriak kargatzen ari ziren makina batean. Konpainiak zehaztu duenez, segituan hasi ziren fabrika berreraikitzeko lanak, jarduera ahalik eta lasterren berreskuratzeko asmoz.

Hala ere, martxoan, berreraikitzeko lan horiek eten behar izan zituzten, Generali aseguru-etxeak uko egin baitio dagokion kalte-ordainketa ordaintzeari. Epaitegiek, baina, "beti" eman izan diote arrazoia Aldanondori; gaztandegiak jarraitzen du gaztak bere markarekin saltzen, Idiazabal jatorri-deiturako beste enpresa batzuek haren produktuak ekoizten dituztelako.

Enpresak erantsi duenez, aseguru-etxeak azken helegitea aurkeztu ondoren (Arabako Probintzia Auzitegiak baztertu egin du, eta ez dago apelazioa aurkezterik), auzibidea besterik ez da geratzen, baina bide horrek are gehiago atzeratuko du enpresa berreraikitzea eta enplegu-erregulazioko espedientean dauden langileak lanera bueltatzea, eta handitu egingo ditu pilatzen ari diren merkatu, irudi eta baliabide galerak ere.

Hortaz, enpresarentzat "oso larria" den egoera hau aldatu ezean, arduradunek uste dute gero eta zailagoa izango dela "gaztandegia etorkizunean berriro jarduerara itzultzea".

"Zapuztutako" ahalegina

Enpresak nabarmendu duenez, konpainiak egindako ahalegin osoa "zapuzten" ari da. Ahalegin horretan, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Aldundiaren eta Aguraingo Udalaren babes osoa izan dute, baita jatorri-deiturako abeltzainen eta enpresena ere. Azken horien makinei esker, Aldanondok jarduera komertzialari eta merkatuari eutsi ahal izan die.

Eferi egindako adierazpenetan, Hector Fernandez enpresako gerenteak azaldu du zer egiten ari diren 2018ko abuztura arte Aguraingo fabrikan euren esnea ematen zuten abeltzainak; hain zuzen ere, jatorri-deiturako beste fabrika batean ari dira ematen esnea, eta, horrela, Aldanondo markako gaztak egiten jarraitu ahal dute.

Zehaztu dutenez, Generalik aurkeztutako helegiteetan argudiatu du sutea "nahita" piztu zutela, nahiz eta Ertzaintzaren argiketak eta auzitegiek kontrakoa dioten. Fernandezek adierazi du ez duela ulertzen aseguru-etxearen jarrera, batez ere Arabako Probintzia Auzitegiaren ekaineko ebazpena kontuan izanik. Horren aurrean, dagoeneko administrazioarekiko auzi-prozesua prestatzen ari direla gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia albisteak Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Agurain Albisteak