Gizartea -
Trafiko-istripua
Algortako gizon bat hil da New Yorken auto batek harrapatuta
Getxoztarra bizikletan zihoala, bidegurutze bateko semaforoa gorri pasatu duen auto batek aurretik eraman du.
eitb.eus
Algortako kazetari bat hil da New Yorken, auto batek harrapatuta. Semaforoa gorri zuela abiadura handian aurrera egin duen ibilgailu batek beste auto baten aurka egin du talka, eta, ondoren, bizikletan zihoan getxoztarra harrapatu du. Gizonak 52 urte zituen, eta Brooklynen bizi zen 90eko hamarkadatik.
Brighton Beachen igerian egitetik zetorren. Bidegurutze batean bizikleta gainean semaforoa berde jartzeko zain zegoen istripua gertatu denean. Larrialdietarako zerbitzuak bertaratu dira, baina ezer gutxi egin ahal izan dute, bertan hil baita.
Kazetaria informazio ekonomikoan aditua zen, Wall Street Journal egunkarian egiten zuen lan, eta triatloizalea zen. Senideak AEBra joan dira ikerketen nondik norakoak bertatik bertara ezagutu eta gorpua jasotzera, El Correo egunkariak zabaldutakoaren arabera.