Gizartea -
Bilbo
Aburto: 'Sexu-erasoak aho batez gaitzestea da inportanteena'
Bilboko alkatearen esanetan, C. Tanganaren kontzertuak ez du kosturik izan Udalerako ez baitzegoen kontratatua. Bestalde, adierazpen askatasunarekin nahastu behar ez den gaia dela esan du.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen esanetan, sexu-erasoen aurrean "garrantzitsuena gizarteak aho batez gaitzestea da". Sexu erasoen aurrean udalen erantzuna sendoegia ez dela dioten talde feministen kritiken harira, "bakoitzak haren esparrutik erantzuten duela" esan du Aburtok. Horren harira, Bilboko Udala "prebentzioan, delituaren ikerketan zein jazarpenean eta jarduketa judizialean" ari dela lanean esan du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan.
Udalak C. Tangana rap-abeslariaren kontzertua bertan behera uzteko erabakia dela-eta Aburtok esan duenez, "ez zegoen kontratatuta"; hortaz, "erabakiak ez du kosturik izan". Udalak abeslariak "kontratatzeko edo ez kontratatzeko daukan askatasunaz hitz egiten ari gara", esan du alkateak. Horrenbestez, kontu hori "ez da adierazpen askatasunarekin nahastu behar". Bestalde, "bihar ekoizle batek C. Tangana Bilbora ekarri nahiko balu, duda barik ekarri ahal izango luke", azaldu du. "Aho batez erabaki genuen hori egitea, eta oposizioak ere babestu zuen erabakia", gaineratu du. "Emakumeen berdintasunean eta errespetuan sinesten dugu. Ezin genuen onartu diru kontzertu hori publikoarekin egitea", azaldu du.
Etxebarria parkeko talde-bortxaketaren kasuan, onartezintzat jo du akusatuek izandako "jarrera harroputza".
Bestalde, udako lehen balantzearen arabera, "hotelak nahiko bete dira". Halaber, Bilboko Aireportuaren "uztaileko emaitza onak" azpimarratu ditu, 600.000 bidaiari baino gehiago izan baititu.
Termibuseko lanen harira, geltokia "urrirako martxan izan daiteke", horren esanetan, lan nagusiak, behintzat, ordurako amaituta izatea espero baitu.