Gizartea -

Shanghaiko zerrenda

EHUk atzera egin du, munduko 500 unibertsitate onenen artean kokatu baita

Iaz hobeto kokatu zen munduko unibertsitate onenen zerrendan, 400 lehenengoen artean, hain zuzen. Mundu osoko 20.000 zentro baino gehiago aztertzen dituzte.

Leioako Campusaren irudia. EiTBren artxiboko bideo batetik ateratako argazkia
Leioako Campusa
Leioako Campusaren irudia. EiTBren artxiboko bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) iaz baino emaitza txarragoak lortu ditu Shanghaiko azken zerrendan, eta munduko 500 unibertsitate onenen artean kokatu da.

Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak urtero egiten duen zerrenda da. Gaur egun nazioartean gehien errespetatzen den ebaluazio irizpideetako bat da, eta erreferente bihurtu da unibertsitateen esparruan.

EHUk jakinarazi duenez, Espainiako Estatuko 13 unibertsitate kokatu dira munduko 500 onenen artean. "Shanghaiko zerrenda oso eskakizun maila altua duen ebaluazioa da; sektore bat aztertzen du, goi-mailako hezkuntza, eta munduko 20.000 zentro baino gehiago aztertzen ditu. EHUk betiko ilusioarekin eta indarrarekin jarraitu du lanean, baina goi-mailako hezkuntzaren esparrua gero eta lehiakorragoa da munduan", azaldu du Nekane Balluerka EHUko errektoreak.

Halaber, Balluerkaren hitzetan, "jaitsiera txiki honek ez du aldatu unibertsitatearen asmo handiko proiektu irmoa, eta eragingarri bat gehiago da iaz lortu genuen lekua berreskuratzeko". "Izan ere, munduko 500 unibertsitateen artean egotea arrakastatsua da oso: ikusgai egotea eta izen ona lortzen da nazioartean", nabarmendu du. Balluerkak, gainera, zoriondu egin ditu unibertsitateko langileak.

Zerrendak unibertsitateek egindako ikerketen eragina neurtzen du gehienbat, eta nazioartean duen izena. Euskal Herriko Unibertsitatea 2012an agertu zen lehen aldiz zerrenda horretan.

Harvard, Stanford eta Cambridge dira, hurrenez hurren, podiuma osatzen duten hirurak. Lehenengo hamar postuetan daudenen artean, zortzi estatubatuarrak dira eta bi britainiarrak (Oxford eta Cambridge).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza