Gizartea -
Murgiako banketxe batean
Lapur batek ertzain bat zauritu du labanaz, lapurreta zapuztu ostean
Zerbitzuz kanpo zegoen agente batek lapurreta zapuztea lortu du, baina sabelaldean labankada jaso du eta Txagorritxuko Ospitalera eraman dute larri. Lapurrak, berriz, ihesari eman dio.
Erredakzioa
Zerbitzuz kanpo zegoen agente bat larri zauritu da Murgian (Araba) banketxe batean izan den lapurreta saiakera zapuztea lortu eta gero. Antza, ustezko lapurrak labankada bat eman dio eta ihes egin du ondoren.
Murgiako banketxe batean jazo da gertaera, goizeko hamarrak aldera. Antza, banketxeko bezero bati burua zapi batekin estalita zeraman ezezagun bat gerturatu zaio atzetik. Ondoren pistola batekin mehatxu egin eta bertako langileei kutxa gotorra irekitzeko agindu die.
Une horretan zerbitzuz kanpo zegoen Ertzaintzaren agente bat sartu da banketxean, lapurreta saiakeraz jabetu da.
Lapurreta zapuztea lortu du azkenean, baina horretan ari zela ustezko lapurrak labankada bat eman dio sabelaldean.
Agentea anbulantzia batean Txagorritxuko Ospitalera eraman dute; lapurrak, berriz, ihesari eman dio. Ertzaintzaren agenteak horren bila ari dira.
Herrizaingo Sailetik adierazi dutenez, ertzaina larri zauritu da, baina arriskutik kanpo dago.
Ares: "jokaera eredugarria izan du"
Rodolfo Ares Barne Sailburua Txagorritxuko ospitalean izan da ertzainaren egoera bertatik bertara jarraitzeko. Han zauritutako agentearekin eta bere senitartekoekin hitzegiteko aukera izan du.
Bere esker ona adierazi dio Aresek publikoki eta "jokaera horrek Ertzaintzaren baloreak agerian uzten ditu", gaineratu du.