Gizartea -

Madrilgo Puerta del Solen

Soleko Kanpaldiko batzarrak taldeko adierazpena prestatu du

Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa, sindikatu independenteak eta politikarientzako biziarteko erretiro-pentsioaren amaiera eskatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Puerta del Soleko protesta mugimenduaren batzarrak taldeko adierazpen bat garatzeko proposamenak jaso ditu ostegun honetako bileran.

Eguerdian egin den bilerarik jendetsuena izan da; ehunka pertsonak parte hartu dute ekimen horretan.

Batzorde bakoitzaren zeregina azaldu ostean, proposamenak egiteko eskatu dute, eta besteak beste, atera dira: Hauteskunde Legearen erreforma, oinarrizko eskubideen zaintza, “bidegabeko” legediak bertan behera uzteko, III. Errepublikaren ezarpena eta erreforma ekonomikoak eta fiskalak.

Guztira 24 puntu azaldu dituzte, horien artean, sindikatu independenteen sorkuntza, politikarientzako ezarritako baldintzen (biziarteko erretiro-pentsioen amaiera, kudeaketaren azterketa agintaldiaren bukaeran edo inputatuak zerrendetan ez agertzea) erreforma eta Estatuaren eta Elizaren arteko bereizketa.

Halaber, proposatu dute hiritarren parte hartze handiagoa prozesu politikoetan hiritarren batzarren edo sare sozialen bidez, eta gardentasun handiago; botere publikoen “benetako” banaketa independentea, eta botere horien deszentralizazioa.

Manifestazioa larunbatean

Datorren larunbatean egin behar zuten manifestazioa bertan behera uztea baloratzen ari dira Madrilgo Puerta del Soleko elkarretaratzeko partaideek. Hauteskunde Legea "bete" nahi dutela esan dute, eta horretarako "gogoeta eguna" ez dutela oztopatuko gaineratu dute.

Gogoeta jardunaldian propaganda edo kanpainako ekitaldiak egiteko debekuak manifestaldirik ezin daitekeela egin ez du esan nahi, Auzitegi Konstituzionalak 2010eko azaroan hartutako erabakian azaldu zuenez. Nahiz eta protesta horiek "eztabaida politkoarekin zerikusia izan".

"Bide hori jarraituz gero manifestaldi eta bilera guztiak debekatuko genituzkete hauteskundeetako gogoeta egunarekin bat egiteagatik eta zentzugabea litzateke; ondorio horretara heltzea baztertu beharra dago", azaldu zuen Pascual Sala orduko txostengileak (orain Konstituzionaleko presidentea baita).

Bestalde, Madrilgo Hauteskunde Batzordeak Soleko protestei buruz erabaki bat hartuko du gaur arratsaldean. Nahiz eta atzoko elkarretaratzea debekatu, milaka lagunek Soleko protestan parte hartu zuten, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Gaur, Eduardo Martín ''Benetako Demokrazia Orain'' plataformako ordezkariak esan du "gogoeta eguna" errespetatu nahi dutela. "21a egun garrantzitsua da, hurrengo egunean Udaletan eta Erkidegoetan erabakiak hartuko dituztenak aukeratu behar ditugulako", azaldu du.

Atzoko debekuari buruz, Hauteskunde Batzordearen ohar bat jaso zutela azaldu du. "Zer egin ez genekiela gelditu ginen", azpimarratu du. "Antza, igandera arte

Milaka lagunek bilduta jarraitzen dute Puerta del Solen, Madrilen. Elkarrataratzea 20:00etan hasi zen atzo, asteazkenean. Aurretik, Madrilgo Probintziako Hauteskunde Batzordeak Puerta del Soleko kanpaldiaren inguruko ekitaldien barnean deituta zegoen elkarretaratze hori debekatu zuen. Joan den maiatzaren 15etik, hainbat lagun kanpaldia egiten ari dira Madrilen eta beste hiri batzuetan, aldaketa politiko eta sozialak eskatzeko.

Horrez gain, Solen bildutakoek manifestazioa deitu dute larunbaterako Madrilen, gogoeta egunarekin batera. 21:00ak aldera, emakume batek mikrofonoa hartu zuen eta ekimena iragarri; "Ez gara alderdi politiko bat, eta ez dugu inolako gogoetarik egin behar; izan ere, gogoeta eurek egin behar dute", esan zuen jendearen txaloen artean.

20:00ak inguruan, manifestariak txaloka hasi ziren. "Ez goaz hemendik" hainbatetan oihukatu zuten. Ordu bat arinago, 19:00etan, Sol jendez gainezka zegoen. "Ez da ezer gertatzen, plaza gurea da", "Ez, ez, ez, ez gaituzte ordezkatzen" edota "Demokrazia esaten diote, baina ez da" leloak erabili zituzten.

Ordutik, jende kopuruak gora egin zuen etengabe, nahiz eta Poliziak plazara ez sartzeko segurtasun neurriak hartu zituen.

Hauteskunde Batzordearen debekua

Erabakia atzo arratsaldeko lehen orduan hartu zuen Hauteskunde Batzordeak, zenbait lagunek egindako eskariaren ostean; erabaki horren arabera, "ez dago aparteko arrazoirik 24 orduan premiazko deialdirik egiteko", Hauteskunde Batzordetik Efe albiste agentziari jakinarazi ziotenez.

Madrilgo Hauteskunde Batzordearen hitzetan, "deialdia egin dutenek botoa erantzukizunez emateko eskatzeak eragina izan lezake hauteskunde-kanpainan eta herritarren boto eskubidean".

Hauteskunde Batzordeak erabakia jakinarazi dio Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzari. Azken hitza Hauteskunde Batzordeak zuela jakinarazi zien Gobernuaren ordezkariak protestaren zenbait deitzaileri.

Elkarretaratzeak milaka lagun bildu zituen astelehenean Puerta del Solen; krisi ekonomikoaren aurrean egindako erantzun politikoak zalantzan jarri dituzte herritar horiek guztiek.

Partehartzaileen adierazpenak

Puerta del Solen elkarretaratzea egiten ari den bozeramailetako baten hitzetan, "modu baketsuan" eutsiko diote protestari eta kaleratzen badituzte bueltatuko dira.

Horiek izan ziren Juan izena duen bozeramailearen adierazpenak Madrilgo Hauteskunde-batzordearen erabakia ezagutu ostean.

Carlota Jover, kanpaldiko beste bozeramaile baten esanetan, ez dute "modu ofizialean" Hauteskunde-batzordearen erabakia jaso, "iturri ez ofizialen bidez" baino.

Joverrentzat, Hauteskunde-batzordearen erabakiak "ez du indar loteslerik, eta beraz, ez dute ezer debekatu".

Bilbon eta Donostian

Ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute Bilboko Arriaga plazan, protesta "espontaneo" batean, partehartzaileek azaldu dutenez.

300 bat lagunek batzar batean parte hartu dute Donostiako Boulevardean eta Grezia, Portugal eta herrialde arabiarrei elkartasuna adierazteko jardunaldi bat antolatzeko aukeraz eztabaidatu dute.

Protestak zabaldu dira

Bartzelonako Katalunia plazan 2.000 bat lagun bildu dira. Besteak beste, Sevilla, Granada, Cadiz, Jerez, Jaen, Malaga, Tarragona, Lleida, Albacete, Guadalajara, Toledo, Ciudad real, Coruña, Santiago, Alacant, Valentzia eta Zaragozan ehunka lagun bildu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea