Gizartea -
TRAFIKO ISTRIPUA
Getxoko kazetaria New Yorken hil zuen gazteari homizidio arduragabea egotzi diote
Guztira 17 kargu leporatu dizkiote. Semaforoa gorri zuela, gidariak beste auto baten aurka egin zuen talka, ondorioz, bizikletan zihoan Algortako kazetaria harrapatu zuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Algortako (Bizkaia) txirrindularia hil zuen gidariari zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatu dio AEBko fiskaltzak. Duela hamar egun, semaforo bat gorri zegoela pasatu ondoren, istripu larria sortu zuen.
18 urteko gidariak semaforoa gorri zegoela aurrera egin eta auto urdin baten aurka egin zuen talka. Fiskaltzak komunikatu batean zehaztu duenez, kolpe horrek kate-istripua eragin zuen eta, ondorioz, bizikletan zihoan getxotarra harrapatu zuten.
Talkaren ostean, 53 urteko kazetaria autoaren eta adreilu horma baten artean gertatu, eta Coney Island ospitalerako bidean hil zen.
40 kilometro orduko limitea zuen bidean, 99 kilometro ordura gidatzen ari zen gazteak negatibo eman zuen alkoholemia eta drogen proban.
Park Slopen (Brooklyn) bizi eta itzultzaile finantzarioa zena 2019an New Yorken hil den hemeretzigarren txirrindularia da. Iaz, aldiz, 10 txirrindulari hil ziren errepidean harrapatuta.
Guztira, 17 kargu leporatu dizkiote gidariari, besteak beste, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa, ausarkeriaz gidatzea eta trafiko arauak ez betetzea. Ondorioz, 15 urteko espetxe zigorra ezarri ahal diote.
Gainera, 50.000 dolarreko fidantza abal-emailearekin edo 10.000 dolarrekoa eskudiruan ordaindu beharko du, eta epailearen aurrean agertu behar da urriaren 23an.