Gizartea -
Polemika
'Zentsuraren aurkako' kontzertu bat iragarri du C. Tanganak, larunbatean Bilbon
Madrilgo musikariak doaneko kontzertu bat eskainiko du Santana 27 aretoan, Bilboko Udalak Aste Nagusiko kontzertua bertan behera utzi ondoren
eitb.eus
Bilboko Santana 27 aretoan doaneko kontzertua emango duela iragarri du C. Tanganak, hurrengo larunbatean, Aste Nagusian emanaldia emateko programatuta zegoen egun berean. Minutu gutxian saldu dira sarrera guztiak.
"Erakundeen zentsuraren aurkako kontzertu" gisa aurkeztu du emanaldia Madrilgo musikariak, Bizkaiko hiriburuko jaietako egitarauan programatuta zegoen kontzertua "letra matxistengatik" bertan behera utzi ostean.
Iragarpenean, C. Tanganak esan du ez duela "emakumeen irudi bat" proiektatzen, "asko" baizik: "Nire musikan emakume asko daude, nire hitzetan zein nire bideoetan".
Musikariak bere emakume jarraitzaileei buruz ere hitz egin du, eta ez direla "inor baino feminista gutxiago" defendatu du. "Bere kabuz pelikuletako, abestietako edo liburuetako zein roletan identifikatzea erabakitzen duten emakumeak dira", esan du.
"Kaka asko hitz egiten dut nire musikan. Ez dut inor hezteko diskurtsorik egiten. Zure kabuz pentsatu. Larunbatean Bilbon ikusiko dugu elkar", bukatu du C. Tanganak.
Isiltasuna apurtu du
Aste batzuez sare sozialetan isilik egon ostean, C. Tanganak Bilboko Udalak Aste Nagusiko kontzertua "letra matxistak" izateagatik bertan behera utzi eta gero bere alde agertu zirenei eskerrak eman dizkie, eta "zentsuratzea eta debekatzea ez dela hezteko modua" esan du.
Madrilgo musikariak, mezuarekin batera, "Pop Ur Pussy" abestiaren bideoklipa publikatu du Twitterren. Estreinatu zuenean "genero eta sexu askatasunaren aldeko alegatu artistikotzat" hartu zuten, eta "XXI. mendeko gizartean genero bitarraren arazoa mahai gainean jartzen zuela" esan zuten.
Bilboko Udalaren Aste Nagusiko programazioaren barruan zegoen C. Tanganaren kontzertua, larunbat honetarako, baina bertan behera utzi zuten, emakumeen kontrako letra matxistak eta mespretxuzkoak zituelakoan kexak jaso zituelako Udalak.
C. Tanganak Bilboko jaietan jo behar zuela eta, Udalari kontzertua bertan behera uzteko eskatuz sinadura bilketa abiatu zuten change.org plataforman. 24 orduko epean, 10.000 sinadura bildu zituen eskaerak. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere emanaldia ez egiten alde egin zuten.
Dena dela, adierazpen askatasuna argudiatuta, betorik ez ezartzeko deia egin dute azken orduetan euskal kulturaren hainbat ahotsek, besteak beste, Fermin Muguruza musikariak edota Igor Elortza bertsolariak.