Gizartea -
Bilbon
GKE bateko kide itxurak egin eta dirua eskatzeagatik, atxilotuta
Lau emakumezkoak, horietako hiru adingabeak, Gobernuz Kanpoko Erakundeko (GKE) presidenteari ere dirua eskatu zioten, iruzurra agerian utziz.
Erredakzioa
Lau emakumezko atxilotu zituzten ostegunean Bilbon, hiru adingabeak, iruzurra eta agenteei desobeditzea leporatuta. Atxilotuak GKE bateko kolaboratzaile itxurak egiten ari ziren dirua eskatzeko eta sinadurak batzeko, Herrizaingo Sailak aditzera eman duenaren arabera.
Ustezko lau iruzurgileak 11:10k aldera atxilotu zituzten, erakundeko presidenteak Ertzaintzari abisua emanda.
Salatzailearen arabera, lau emakumezkoek kalean harrapatu zuten, Abandoibarrako pasealekuan, eta gainontzeko ibiltariekin egin bezala, dirua eskatu zioten euren burua erakundeko kolaboratzaile moduan aurkeztuta.
GKEko presidentearen arabera, lau emakumezkoak ez ziren bere erakundeko kideak, baina erakundeko zigilua zeukaten inprimakiak zeramatzaten; ondorioz, iruzur egiten ari ziren.
Atxilotuak polizia-etxera eraman zituzten beharrezko izapideak egiteko. Ondoren, adingabeak aske utzi zituzten baina hurrengo orduetan agintari judizialaren aurrean agertzeko obligazioarekin. Laugarren emakumea, berriz, epailearen esku utzi dute.