Gizartea -
Abendutik aurrera
Europar Batasunak kadmioa erabiltzea debekatu du hainbat produktutan
Bitxigintzarako produktu batzuetan osasunerako kaltegarria den kadmio maila altua aurkitu ondoren hartu dute erabakia.
Erredakzioa
Europar Batasunak (EB) adierazi duenez, abendutik aurrera debekatuta egongo da kadmioa erabiltzea bitxi, soldadura barra eta plastikoetan.
Komunikatu batean jakinarazi duenez, bitxigintzarako produktu batzuetan osasunerako kaltegarria den kadmio maila altua atzeman dute, inportatutako imitaziozko bitxietan bereziki.
Bruselak esan duenez, kadmioa arriskutsua izan daiteke azalarekin kontaktuan jarrita eta soldadurak egitean substantzia horrek isurtzen duen gasa arnastuta ere.
Europako legeriak kadmio maila baxua duen polibinil kloruroa (PVC) eraikuntza alorreko zenbait produktutan berrerabiltzea baimentzen du, herritarrentzat zein ingurumenerako arriskurik ez dutelako.