Gizartea -
Iruña
Ikusmen urritasuna duen gizon bati iruzur egin diolakoan atxilotu dute
Biktimak azaldu duenez, Jose izeneko pertsona batek bankuko kutxazainetik dirua ateratzen lagundu zion, baina ez du gehiago haren berririk izan.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak 37 urteko iruindar bat atxilotu du, iruzur egitea leporatuta. Ikusmen-urritasuna duen pertsona bati kutxazainetik dirua ateratzen lagundu eta gero biktimaren konfiantzaz abusatzea leporatzen diote.
Poliziak Nafarroan duen Goi Buruzagitzak jakinarazi duenez, biktimak jarri zuen salaketa. Orduan azaldu zuenez, bankuko kutxazainetik dirua atera zuen eta, ondoren, kreditu txartela diru-zorroan gorde zuen.
Ondoren, taberna batera joan zen lagunekin zerbait hartzera eta etxera itzulitakoan diru-zorroan kreditu txartela falta zitzaiola ohartu zen.
Biharamunean bankura joan zen, kreditu txartelaren desagerpenaren berri ematera, eta bere kreditu txartelarekin bi kutxazainetan saldoa kontsultatu zutela eta, ondoren, kutxazain automatiko batetik 520 euro atera zituztela jakinarazi zioten.
Biktimak Poliziari esan zionez, lagunekin zerbait hartzen egon zenean Jose izeneko gizon bat zegoen beraiekin, eta gizon horrek bankuko kutxazainetik dirua ateratzen lagundu zion joan den hilabetean. Josek biktimaren ikusmen-urritasunaren berri zuen.
Atxilotua beste hainbat aldiz atxilotu dute aurretik, eta aginpide judizialaren esku jarri dute.