Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Epaileak espetxera bidali du Barakaldoko bortxaketa saiakeragatik akusatutako gaztea
Saltoki gune biren ondoan jazo zen erasoa. Borrokan aritu ostean, erasotzaileak ezponda batetik behera bota zuen emakumea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan den asteburuan Barakaldon emakume bati sexu-erasoa egiten saiatzegatik atxilotutako 28 urteko gizona espetxean sartzeko agindua eman du epaileak, Segurtasun Sailak arratsalde honetan jakinarazi duenez.
Ustezko erasotzailea atzo arratsaldean eraman zuten epailearen aurrera, eta magistratuak bere atxiloaldia luzatzeko agindu zuen. Ondorioz, atxilotutakoa ertzain-etxera eraman zuten, eta han eman du gaua. Gaur berriro deklaratu du epailearen aurrean, eta honek hura espetxeratzeko agindua ematea erabaki du.
Erasoa larunbat gauean, 22:20 aldera, gertatu zen Carrefour eta Dia merkataritza-guneak lotzen dituen biribilgunearen inguruan. Erasotzailea emakumearengana gerturatu eta bortxatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Borrokan aritu ostean, gizonak ezponda batetik behera bota zuen emakumea eta ihes egin zuen.
Biktimak salaketa jarri zuen, eta Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen igande arratsaldean Trapagaranen. Atxilotutakoak aurrekariak ditu beste sexu eraso batzuengatik.
Atzo elkarretaratzea egin zuten Barakaldoko Herriko Plazan bortxaketa saiakera gaitzesteko. _________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.