Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen bikotekidea jo, iraindu eta sakelakoa kentzeagatik

25 urteko gizasemeak ukabilkada eman zion neskari aurpegian eta saihetsaldean, bere sakelakoa emango ez ziola esan zionean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizeko Udaltzaingoak 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo genero indarkeria delitua egotzita. Gazteak 18 urteko bikotekidea kolpatu eta iraindu zuen, horrek bere sakelakoa eman nahi izan ez zionean.

Udalak ohar batean jakinarazi duenez, atxiloketa atzo egin zuten agenteek, erasoaren lekuko batzuen deia jaso ostean.

Herritar horiek larrialdi zerbitzuko langileei azaldu zietenez, gizonak bikotekideari eraso zion Ali-Gobeo industriaguneko gazteen lokal batean, eta ondoren, bikotea Salburua auzora joan omen zen.

Udaltzainek auzo horretako taberna batean topatu zituzten gizon-emakumeak. Ustezko erasotzaileak bikotekidearen sakelakoa zuen eskuan, baina jo izana ukatu zuen. Azaldu zuenez, neskak sakelakoa gordetzeko eskatu ziolako zuen berak.

Biktimak handituta zuen aurpegia. Agenteei aitortu zienez, bikote-lagunaren beldur da, oso agresiboa delako eta etengabe iraintzen duelako. Erasoa gazteen lokalean izan zela berretsi zuen; antza, mutilak sakelakoa emateko agindu zion, eta ezetz esan zionez, aurpegian eta saihetsaldean ukabilkadak eman zizkion. Segidan, telefonoa kendu zion.

Udaltzaingoak berehala atxilotu zuen gizona, eta gaur eramango dute epailearen aurrera.

_________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Tratu txarrak Indarkeria matxista Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Sexu erasoak