Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon batek emaztea atxiki eta mehatxatu du aizkora batekin Lapuebla de Labarcan
Biktimak lagun bati deitu zion ostiralean laguntza eske, gizona ohartu ez zen une batean, eta bikotekideak giltzapetu egiten zuela esan zion.
agentziak | erredakzioa
Gizonezko bat atxilotu dute Lapuebla de Labarcan emaztea etxean atxikitzeagatik, aizkorarekin mehatxu egiteagatik eta behin eta berriz eraso egiteagatik.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, biktimak lagun bati deitu zion ostiralean laguntza eske, gizona ohartu ez zen une batean, eta bikotekideak giltzapetu egiten zuela esan zion.
Gainera, gizonak aizkorarekin mehatxu egiten ziola ere kontatu zion, eta hainbatetan egin ziola eraso, Segurtasun Sailetik azaldu dutenez.
Ertzaintzak, biktimaren lagunaren oharra jaso ostean, erasotzailea bilatzeko eta emakumea salbu jartzeko dispositiboa jarri zuen martxan.
Agenteek 42 urteko gizonezkoa eta biktima auto baten barruan aurkitu zituzten, etxebizitzaren ondoan.
Emakumeak gertakariak salatu zituen ertzainen aurrean, eta gizona legez kanpoko atxikitzeagatik eta genero indarkeriagatik atxilotu zuten.
Erasotzailea komisaldegira eraman eta gaur jarri dute epailearen esku. Epaileak, deklarazioa hartu ostean, libre utzi du gizona.
----------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.