Gizartea -

Desagertzea

Zazpi drone erabiliko dituzte gaur Fernandez Ochoa bilatzeko lanetan

Guztira, hamabi ibilbide ezberdin egingo dituzte; horietako bat, bereizmen handiko kamera eta kalitatezko zooma duten droneekin. Hain zuzen ere, atzo miatu ez zituzten tokietatik ibiliko dira gaur.

Zazpi drone erabiliko dituzte gaur Fernandez Ochoaren bilaketa lanetan. Argazkia: EFE
Zazpi drone erabiliko dituzte gaur Fernandez Ochoaren bilaketa lanetan
Zazpi drone erabiliko dituzte gaur Fernandez Ochoaren bilaketa lanetan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Blanca Fernandez Ochoaren bilaketa lanei ekin diete berriro astearte honetan Cercedillan (Madril). Berritasun gisa, zazpi drone erabiliko dituzte gaurko honetan, oinez iristeko zailak diren tokietan.

Horrela, Polizia, Guardia Zibila eta basozainak, 50 boluntarioren laguntzarekin, goizeko lehen orduan abiatu dira eskiatzaile ohiaren bila.

Blanca Fernandezen ahizpa Dolores ere goizetik heldu da bertara, abuztuaren 23az geroztik desagertuta dagoen mendizalearen makiletako batekin, ibilbidean lagunduko diolakoan.

Esan bezala, 08:00ak aldera, Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren eta Madrilgo Autonomia Erkidegoko Suhiltzaileen zazpi drone aireratu dituzte. Horiek guztiek bereizmen handiko kamera eta kalitate oso oneko zooma dute. Gainera, infragorrien kamera ere badute, ikuspen gutxiko lekuetan edo gauez jendearen bilaketa lanak errazteko.

Luis Miguel Peña Cercedillako alkateak azaldu du hamabi ibilbide egingo dituztela; horietako bat, droneekin. Hain zuzen ere, atzo miatu ez zituzten tokietatik ibiliko dira gaur, nahiz eta lekuren batzuk errepikatuko dituzten, "inguru oso zabalak direlako".

Blancaren neba Jose Manuelek, bestalde, ziurtatu du "gogotsu doazela gaur ere".

"Dagoeneko miatu ditugun inguruak mapa batean ari gara seinalatzen. Argi dago helburua Blanca aurkitzea dela. Herriaren maitasuna sentitu dugu. Avilatik ere jendea etorri da. Blanca askotan ibiltzen zen hemendik", gaineratu du.

Halaber, argi utzi du Blancak janaria erosi izanak ez duela ezer esan nahi: "ogitarteko baterako jana, besterik ez".

Familia oso larri dago, "egun asko igaro direlako, baina ez dugu itxaropena galdu behar", esan du Jose Manuelek.

"Siete Picosen egon litekeela uste dugu guztiok, asko gustatzen zitzaiolako. Droneak bertatik ibiliko dira, eta ea emaitzarik dagoen. Eskerrik asko, benetan", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eskia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Desagertutako pertsonak Droneak azken ordukoa