Gizartea -
Indarkeria matxista
Lau gizon atxilotu dituzte Iruñean, neska batzuei sexu abusuak egitea egotzita
Erasoa ostiral arratsaldean jazo zen, Iruñea erdiguneko kale batean. Lau atxilotu horietako hiru adingabeak dira.
Agentziak | Erredakzioa
Lau gizon atxilotu zituzten ostiralean Iruñean, sexu abusu delitua leporatuta. Noticias de Navarra egunkariak Iruñeko Udaltzaingoa aipatuz astearte honetan jakinarazi duenez, atxilotuek ukituak egin zizkieten bide publikoan zeuden neska batzuei.
Erasoa ostiral arratsaldean jazo zen, Iruñea erdiguneko kale batean. Orduan, adin txikiko neskek Iruñeko Udaltzaingoari deitu zioten pairatutako erasoaren berri emateko. Lau atxilotu horietako hiru adingabeak dira.
Hala, lekura hurbildu ziren udaltzainek, neskei sexu izaerako ukituak egin zizkieten erasotzaileak identifikatu zituzten, eta sexu abusu delitua leporatuta atxilotu zituzten. Nafarroako Gobernuak dauka gazte horiek zaintzeko ardura.
Azken asteotan, hainbat familiak salatu dute bere alabek antzeko erasoak jasan dituztela Iruñeko Bigarren Zabalgunea auzoaren inguruetan.