Gizartea -

M-22ko hauteskundeak

15-M: 'Ez da bidezkoa gu hauteskundeen emaitzen erantzule egitea'

Solen kanpaldikoek adierazi dutenez, "alderdi politikoak dira horren erantzukizunak hartu behar dituztenak". "Gure borrokaren helburu nagusia beste bat da", zehaztu dute mugimenduaren bozeramaileek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Puerta del Solen kanpaldia egiten jarraitzen duten "suminduek" adierazi dutenez, "ez da bidezkoa gu hauteskundeen emaitzen erantzule egitea". Haien esanetan, "alderdi politikoak dira horren erantzukizunak hartu behar dituztenak"

"Mugimendu bat garen heinean, ez dugu hauteskundeei buruz gure iritzia esango", azpimarratu du 15-M Mugimenduaren bozeramaile batek. Albiste agentziei egindako adierazpenetan, protestekin aurrera jarraituko dutela baieztatu du bozeramaile batek. Datozen egunetan hiritarren iradokizunekin proposamenak prestatuko dituzte.

"Hau hasiera besterik ez da, ez dugu uste behera joaten ari denik, kontrakoa baizik", azaldu dute. Izan ere, jende asko dagoeneko Solen ez badago ere, haien etxeetatik nahiz lanpostuetatik laguntzen jarraitzen dute.

Printzipioz, datorren igandera arte mantenduko dute Soleko kanpaldia. Ondoren, batzordeetan erabaki beharko dute epe hori luzatzen bada edo protesta egiteko alternatiba bat bururatzen bazaie. Mugimenduaren hurrengo helburua hiritarren parte hartzea lortzea izango da eta horretarako datorren larunbatean Madrileko auzoetan bilera batzuk egingo dituzte, bozeramaile batek azaldu duenez, mugimendua garatu dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea