Gizartea -
IRAILAK 6
Vueltako 13. etapak aldaketak eragin ditu Bilboko trafikoan
Txirrindulariak San Mames barrutik abiatu dira eta Bizkaiko errepideetatik barrena Lanestosaraino joango dira, handik, Kantabrian sartzeko.
EITB.EUS
Atzo, osteguna, Vueltako 12. etapa Bilbon amaitu zen. Gaur, ostera, Bilbotik abiatu dira txirrindulariak. Zehazki, San Mames barrutik atera dira eta Bizkaiko errepideetatik barrena Lanestosaraino joango dira, handik, Kantabrian sartzeko. Atzo gertatu bezala, Vueltak aldaketak eragin ditu Bilboko trafikoan.
Vueltako 13. etapa Bilbon hasi eta Los Machucosen (Kantabria) bukatuko da, tartean, Bizkaiko errepideetan barrena ibiliko dira txirrindulariak.
11:00etatik 13:30era A-8tik Bilbora sartzeko errepideetan izan du eragina etapak, eta San Mameseko tuneletako sarbideak itxita egon dira, Torres Quevedorako norabidean, bai eta Bilbora Zorrotza eta Basurtu arteko errepidetik (N-634) sartzeko bidea ere.
Luis Briñas kalea moztuta egon da Felipe Serrate kalearen eta Urkixo zumarkalearen artean, 08:00etatik 13:00etara. Halaber, bideak itxi dira zirkulaziorako 11:00etatik aurrera tropela ibili den ibilbidean: Zunzunegi, Gurtubay, Montevideo etorbidea eta Zorrotza-Kastrexana.
Gainera, 12:30etik 13:30era itxi eta seinaleztatu egin dira BI-636 errepidearen (Cadaguako korridorea) eta BI-3651 errepidearen (Zorrotza-Balmaseda) arteko sarrera-irteerak Bilbo eta Zalla artean.
Bilboko Udalak tarte horretan autorik ez erabiltzea eta garraio publikoa hartzea gomendatu du.
Atzo, osteguna, Vueltako 12. etaparen amaierak hainbat eragozpen eragin zituen Bilbon.
BIDEOA: Hainbat kale itxi zituzten Bilbon, goizeko lehen orduan