Gizartea -

Hezkuntza

EAEko eskolek ikasle kopuruaren beherakada apal batekin abiatu dute ikasturtea

Aurreko urteetan bezala, jaiotze tasaren jaitsiera Haur Hezkuntzan igarri da gehien, baina Lehen Hezkuntzan ere sumatu da aurten.

Ume bat gaur, Gurutzetako ikastetxean (Barakaldo). Argazkia: EFE
Ume bat gaur, Gurutzetako ikastetxean (Barakaldo).
Ikasturte honetan behera egin du matrikulazio kopuruak EAEn, jaiotze tasa dela eta

1:29

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

374.400 ikaslek abiatu dute gaur Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2019-2020ko ikasturtea, iaz baino 487 gutxiagok (% 0,13). Aurreko urteetan bezala, jaiotze tasaren jaitsiera Haur Hezkuntzan igarri da gehien (iaz baino 1.795 haur gutxiago). Aurten, ordea, Lehen Hezkuntzan ere sumatu da (1.018 ikasle gutxiago).

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eman ditu datuak, ikasturtea ofizialki abiatzeko Barakaldoko Gurutzeta ikastetxean egindako bisitan. Uriarterekin batera, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea eta Hezkuntza Saileko beste arduradun batzuk izan dira ekitaldian.

Aurreko urteetako joerari jarraiki, sare publikoaren eta itunpeko-pribatuaren arteko orekari eutsi zaio, lehen aukera apur bat handiagoa bada ere: % 50,8 eta % 49,2, hurrenez hurren.

Hizkuntza ereduari dagokionez ere, ez da aldaketarik izan: D eredua da nagusi, eta Haur Hezkuntzan igotzen jarraitzen du: 3-5 urteko tartean, 0,7 puntu hazi da, eta % 80 gainditu du lehen aldiz (% 80,4, zehazki). Ikasleen % 16,1 B ereduan ariko da, eta A ereduan, % 3,5.

Lanbide Heziketak, gora

Lanbide Heziketaren aurreneko matrikulazio datuak ere eman ditu Cristina Uriartek ekitaldian. Orain arte 39.771 gaztek aukeratu dituzte ikasketa horiek, iazko garai berean baino 858 gehiagok. Datuotan ez daude zenbatuta Urrutiko Lanbide Heziketa edo eskaintza partziala aukeratu duten ikasleak; horrez gain, matrikulazio epea zabalik dago oraindik (urrian zarratuko dute). Hala, Hezkuntza Sailak aurreikusi duenez, aurten 42.000 pertsonak emango dute izena Lanbide Heziketan.

Ikastekok euskaraz egiteko hautuak ere gora egin du. Azken urteetan D ereduak hazkunde apala izan du, baina igoerarik aipagarriena B ereduan izan da: 2015-2016 ikasturtean, 811 ikasle zeuden eredu horretan, eta ikasturte berrian, aldiz, 7.830 matrikulatu dira B ereduan. Bi ereduen arteko batura (B+D) eginez gero, duela bost urte ikasleen % 25 ziren Lanbide Heziketan euskaraz ikasten zutenak; ikasturte honetan, berriz, batura hori Lanbide Heziketako ikasleen % 42ra iritsiko da.

Ikasturte honetarako iragarri dituen berrikuntzen artean, Uriartek iragarri du beste Lan Eskaintza Publiko bat egingo dutela, Bigarren Hezkuntzako irakasleei zuzendua.

Bideoa: Matrikulazioak behera egin duela nabarmendu du Uriartek.

Uriarte: ‘Aurreko ikasturtean baino ikasle gutxiago ditugu Haur eta Lehen Hezkuntzan’
Uriarte: ‘Aurreko ikasturtean baino ikasle gutxiago ditugu Haur eta Lehen Hezkuntzan’
Uriarte: ‘Aurreko ikasturtean baino ikasle gutxiago ditugu Haur eta Lehen Hezkuntzan’

5:42

Buru duen saila prestatzen ari den Hezkuntza Lege berria ere izan du hizpide sailburuak. Datozen hilabeteetan aurkeztuko da proiektu hori Gobernu Kontseiluan.

Euskal Eskola Publikoaren Legea eguneratu beharraz aritu da Uriarte. "Egungo legeak indarrean daramatzan 26 urteetan, aldaketa asko gertatu dira: teknologia berriak txertatzea, ikasketa eta irakaskuntza prozesuko aldaketa metodologikoak, edo gizarte osaera bera ere nabarmen aldatu da. Begi bistakoa da azken urteetan errealitate soziala nabarmen aldatu dela. Gure hezkuntza sisteman, beste errealitate sozial eta kultura batzuetako ikasleak ditugu. Beste herrialde batzuetakoak. Eta gure hezkuntza-sisteman parte hartzen dutenean, gure parte dira. Batasun bat osatzen dugu", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barakaldo Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak LH albisteak