Gizartea -

Europako araudi berria

Zentral nuklearren probetan ez dute terrorismoa aintzat hartuko

Akordio berriak dioenez, erresistentzia frogatzeko azterketak egingo zaizkie Europako zentral nuklearrei hondamendi natural, istripu edo arazo teknikoei aurre egiteko prestatuta dauden ikusteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako zentral nuklearren erresistentzia frogatzeko azterketak egingo dituzte, hondamendi naturalei (lurrikarak, uholdeak...) nahiz giza jatorriko arazoei (arazo teknikoak, hegazkin istripua...) aurre egiteko prestatutak dauden ikusteko. Europar Batasunak hartutako akordioaren arabera, terrorismoaren mehatxuak aurreikusteko frogak azterketa hauetatik kanpo geratuko dira.

Horrela, terrorismoa aurreikusteko neurriak banan-banan aztertuko dituzte, segurtasun nazionaleko aferak ez baitaude segurtasun nuklearreko agintarien esku. Europako Batzordeak zehaztu duenez, herrialdeek uste dute esparru honetako neurriak ez direla publikora zabaldu behar.

Frogak boluntarioak izango dira baina zenbait herrialde, Alemania tartean, ari dira dagoeneko hauek egiten. Emaitzak datorren urtearen lehen seihilekoan emango dira jakitera. "Fuskushiman gertatutakoa ikusita adostu dugu aipatutako araudia", azpimarratu du Gunther Oettinger Europako Energia komisarioak.

Europar Batasunak 27 kide ditu eta haietatik 14k ditu zentral nuklearrak, 143 erreaktore guztira. Frantzia aktiboena da (58 erreaktore), jarraian Britania Handia doa (19 erreaktore) eta Alemania (17). Espainiako estatuak, berriz, zortzi erreaktore ditu. Era berean, Fukushimak dituen irakite uradun erreaktoreak ere dituzte Cofrenteseko (Valentzian) eta Garoñako (Burgosen) zentral nuklearretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea