Gizartea -

Ikasturte-hasiera

EHUn etika eta produktibitatea bateratzeko apustua egin du Balluerkak

Euskal Herriko Unibertsitateak asteazken honetan ekin dio ofizialki ikasturte berriari; ekitaldian, errektorea izan da, bai eta Iñigo Urkullu lehendakaria ere.

34.000 ikaslek ikasiko dute aurten EHUren 94 graduetan. Argazkia: EFE.
34.000 ikaslek ikasiko dute aurten EHUren 94 graduetan. Argazkia: EFE.
EHUk Arabako Campusean eman dio hasiera 2019/2020 ikasturteari

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore Nekane Balluerkaren iritziz, erakunde horren helburu nagusietako bat da bateratzea etika eta produktibitatea. Asteazken honetan, EHUk ofizialki ekin dio 2019-2020 ikasturteari; ondorengo hilabeteotan, 34.000 ikaslek ikasiko dute EHUren 94 graduetan.

Ikasturte honen hasiera Gasteizen egin dute, bertako campuseko Letren Fakultatean. Ekitaldian, errektoreak ez ezik, Iñigo Urkullu lehendakariak ere hartu du parte.

EHU aldaketa-prozesu oso bizkorrean dagoela nabarmendu du Balluerkak; adierazi duenez, Euskal Herriko Unibertsitatearen etorkizuneko proiektua erantzun jakin batek zehaztuko du: hain zuzen ere, finantzazioa edo etikaren eta produktibitatearen arteko harremana bezalako eztabaidei emandako erantzunak zehaztuko du etorkizun hori.

Ildo horretan, berretsi du "apustu sendoa" egin dutela jokabide etikoek gidatzeko EHUren lana: "Baliorik egon ezean, ez da produktibitaterik egoterik", esan du. Balio horiek ez dira produktibitaterako oztoporik, baizik eta horren "aliaturik onenak".

Balio etikoak

Azpimarratu duenez, produktibitaterik onenak balio etikoak txertatzen ditu; izan ere, balio horiek ez balira egongo, "epe ertainera, emankorra izan nahi duen edozein egitasmok porrot egingo luke".

Adibide gisa, nabarmendu egin du nola batu zaion emakumea goi-mailako ikerketari; esan duenez, sektore horri herritarren erdiaren parte-hartzea kentzeak ekarriko zuen ikerketa ez izatea "izan zitekeen bezain ona".

Finantzazioari dagokionez, berretsi du ezin dela soilik baliabide publikoen araberakoa izan; aldarrikatu du, hortaz, erakunde eta enpresa pribatuekin izan beharreko elkarlana.

Gainera, galdegin du, berriro ere, unibertsitateen gaineko beste lege organiko bat, unibertsitateek autonomia handiagoa izateko, eta gogora ekarri du euskararekin duen konpromisoa.

Protestak, kanpoaldean

Kanpoaldean, LABeko hainbat ordezkarik elkarretaratzea egin dute, irakasleen lan-ezegonkortasuna salatzea xede; Hezkuntza Sailaren garbiketa-esleipenen zerbitzuko langile batzuek ere egin dute elkarretaratzea, soldata-hobekuntzak eskatzeko asmoz.

Protestak izan dira ekitaldia egin duten eraikinaren kanpoaldean

Protestak izan dira ekitaldia egin duten eraikinaren kanpoaldean. Argazkia: EFE.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu EHU berriak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza