Gizartea -

Irailaren 12tik 15era

Red Bull Cliff Diving txapelketak aldaketak eragingo ditu Bilboko trafikoan

Munduko jauzilari onenak Bilbon elkartuko dira. Aurten, emakumeen txapelketa ere izango da.

Murgilari bat, iaz, Bilboko itsasadarrera jauzi egiten. Argazkia: EFE
Murgilari bat, iaz, Bilboko itsasadarrera jauzi egiten
Murgilari bat, iaz, Bilboko itsasadarrera jauzi egiten. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurten, beste urte batez, munduko jauzilari onenak Bilbon elkartuko dira, eta Red Bull Cliff Diving jauzien munduko txapelketak aldaketak eragingo ditu Bilboko trafikoan. Halaber, aurten emakumeak ere lehiatuko dira Bilbon, lehendabiziko aldiz.

Trafiko mozketak Salbeko zubian

Aipaturiko lehiaketak, batik bat, Salbeko zubian izango du eragina; izan ere, zirkulazioa zenbait aldiz etengo da irailaren 12tik 15era. Hain zuzen ere, bidea erabat itxita egongo da ostegunean eta ostiralean, 14:30etik 19:15era, eta larunbatean, 14:30etik 19:30era, gutxi gorabehera.

Ordutegi berean, Errekalde zumarkalean, trafikoa moztuko da, Moyua plazaren eta Salbeko zubiaren artean, garraio publikoarentzat izan ezik. Zeharkako bideen zirkulazioa libre egongo da une oro.

Zubia Moyua plazaranzko noranzkoan egongo da itxita larunbatean,19:30etik 23:50era, eta igandean, 11:00etatik 14:00etara.

Salbeko zubian trafikoa eteten denean, Maurice Raveletik datozen ibilgailuak etorbide horretatik Salbe-Ugasko tunela – Pio X.a – Deustuko zubirantz joan ahal izango dira.

Bestalde, Moyua plazatik eta zeharkakoetatik datozenak Euskadi plaza – Deustuko zubia – Pio X.a – Salbe-Ugasko tunela – Maurice Ravelerantz joan daitezke edo Pio X.etik Artxanda-Ugasko tuneletik Txorierriko igarobidera iristeko.

Zubia itxita dagoen bitartean, bizikletak ezingo dira Unibertsitate etorbideko bidegorritik ibili, Salbe plazaren eta Agirre anaiak kalearen artean.

Ostegunean eta ostiralean, segurtasun arrazoiak tarteko, litekeena da Unibertsitate etorbidean ibilgailuentzako zirkulazioa moztea Salbeko plazaren eta Agirre anaiak kalearen artean, eta, ikusle kopurua dela-eta beharrezkoa izanez gero, oinezkoen zirkulazioa etengo da Aita Arrupe igarobidean.

Gainera, astelehenetik eta datorren igandera arte, zubiaren eskuineko bidea moztuko da Moyua plazarako bidean.

Aldaketa gehiago

Larunbatean, 14:30etik 19:30era, gutxi gorabehera, txapelketako finala jokatzen den bitartean, ibilgailuen zirkulazioa moztuko da Abandoibarra etorbidean, Leizaola lehendakaria eta Uribitarte kaleen artean, eta ibilgailuei Zubiarteko aparkalekuraino sartzen utziko zaie. Aurkako noranzkoan, Guggenheim Museoko biribilgunetik Mazarredoko egoiliarren aparkalekuraino iritsi ahalko dira ibilgailuak, eta Abandoibarra etorbidetik sartu eta irtengo dira.

Gainera, Abandoibarra etorbideko bidegorria moztuko dute ibilgailuentzat moztuko den tarte berean.

Unibertsitate etorbidea ibilgailuen zirkulaziorako itxita egongo da bi noranzkoetan Agirre anaiak kalearen eta Salbeko plazaren artean.

Ernesto Erkoreka plazak eta Campo Volantin pasealekuak bat egiten duten lekuan, mozketak izango dira Unibertsitate etorbidea gurutzatu eta Salbe-Ugasko tunelerantz joan nahi duten ibilgailuentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Kirolak Bilbo berriak Herriak eta Hiriak Bizkaiko albisteak Gizartea Trafikoko telefonoak Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Albisteak Beste kirol batzuk