Gizartea -

Suizidioa

Gipuzkoan 2018an suizidatu zen adingabe bat Interneten bultzatu zuten hori egitera

Delitua zegoelakoan, bertako Ministerio Fiskalak ikertu zituen biktimak jasandako bi suizidio-eragiteak, baina adingabeak, azkenean, bere buruaz beste egin zuen. Aldundia zen biktimaren tutorea.

2018ko irailean egin zuen adingabeak bere buruaz beste. EiTBren bideo batetik hartutako bideoa.
2018ko irailean egin zuen adingabeak bere buruaz beste. EiTBren bideo batetik hartutako bideoa.
2018ko irailean egin zuen adingabeak bere buruaz beste. EiTBren bideo batetik hartutako bideoa.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018an bere burua hil zuen gipuzkoar neska adingabe batek bi suizidio-eragitearen delitu pairatu zituen: bata, "balea urdina" izeneko erronkaren bidez; bestea, Argentinatik 17 urteko gazte batek zuzentzen zuen nazioarte-mailako suizidio kolektiboko prozesu baten bitartez.

Auzia Euskadiko Fiskaltzaren 2018ko memorian dago jasota. Bertan zehaztuta dagoenez, Gipuzkoako Ministerio Fiskalak bi gertaera haiek ikertu zituen, eta izapideak Bartzelonako eta Argentinako fiskaltzetara helarazi zituen; izan ere, suizidio-eragiteko bi delituak egin zituzten bi adingabeak Kataluniako hiriburuan eta aipatutako herrialdean bizi ziren.

Fiskaltzak azaltzen du bi delituen frogak izan zituela, eta biek lotura bat zutela, alegia, biktima bera zela: hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundia tutore zuen adingabe bat.

Auziarekin lotura duten iturri batzuek EFEri azaldu diotenez, adingabeak, azkenean, bere burua hil zuen, 2018ko irailean; hori bai, zaila da zehaztea horren azken eragilea biktimak sare sozialen bidez jaso zituen jarraibideak izan ziren, ala ez.

Argentinatik zuzentzen ari ziren suizidio kolektiboa Ertzaintzaren ikerketa batek zapuztu zuen; arau-hauslea herrialde horretako Polizia Federalak atxilotu zuen, 2017ko abuztuaren 11n, ikerketa horren ondorioz.

Sei egunen buruan zuen aurreikusita atxilotuak zuzentzen zuen taldeak suizidioa gauzatzea. Talde hartan, adingabe gipuzkoarraz gain, mexikar bat eta lau argentinar zeuden.

Ertzaintzak argitu zuenez, antzekoa bazen ere, hura ez zen “balea urdina” izeneko erronkaren kasu bat; izan ere, ez zegoen mailakatutako faserik, suizidiora iritsi aurretik.

"Balea urdina" erronka

Hala ere, Fiskaltzaren memoriak dioenez, gipuzkoar gaztea "balea urdina" izeneko erronkan jolasten hasi zen, halaber. Erronka horretan, 50 proba daude; lehenengoa zen bere buruari ebakia egitea, aiztoa erabiliz, eskuan, ‘F57’ idatzita.

Biktimak ebaki horren argazkia bidali behar izan zion "sendatzaile" izena zuen pertsona bati, Fiskaltzak adierazten duenez. 50 erronka horietako azkena suizidioa da, baina aurretik beste hainbat proba ere gainditu behar izan zituzten: "Beldurrezko pelikulak ikustea, teilatuetan eta trenbideetan ibiltzea, eta gorputzean egunero ebakiak egitea".

"Gazteak, tamalez, azkenean, bere buruaz beste egin zuen", Aldundiak hainbat babes-neurri abiatu bazituen ere. Bartzelonako eta Argentinako Fiskaltzei jakitera eman zieten suizidioa gauzatua izan zela.

Ikerketa, Errenterian

Urtebete lehenago, 2017ko maiatzean, Ertzaintzak jakitera eman zuen ikerketa abiatu zuela, Errenterian, "bale urdina" erronkaren kasu batengatik; hura fase oso hasierakoan zegoen.

Ertzaintzak, orduan, azaldu zuen nerabeentzako erronka hark 2016an zuela jatorria, Errusian, sare sozialen bidez; horren xedea zen zenbait proba banan-banan gainditzea (50, guztira), eta, biktimak horiek egiten zituen bitartean, administratzaileak suizidiorako joera zuten ideiak helarazten zizkion.

Erronka kontrolatzen duen pertsonak argi eta garbi zehazten du frogak ezin direla bertan behera utzi, behin hasita, eta hezitzaileei edo gurasoei ezin zaiela ezer esan.

Ertzaintzak adierazi zuenez, erronkaren arriskurik handiena zen, bereziki, biktimak nerabeak zirela: "Nortasuna osatzeko prozesuan daude, bai eta gainerakoen eragina handiegia izateko arriskuan ere".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Delituak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Interneteko berritasunak Nerabezaroa albisteak