Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek emakume bati eraso dio Beasainen

Erasoa larunbat goizaldean gertatu zen. Erasotzailea, biktimaren bikotekidea bera, aske utzi zuten, urruntze-aginduarekin. Elkarretaratze batek salatu du gertaturikoa, astelehen arratsaldean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek emakume bati eraso zion Beasainen larunbat goizaldean. Erasotzailea, biktimaren bikotekidea eta 23 urtekoa bera, atxilotu zuten, eta, gerora, aske utzi zuten, urruntze-aginduarekin, Ertzaintzaren iturriek eitb.eus-i  baieztatu diotenez. Elkarretaratze batek erasoa arbuiatu du, astelehen arratsaldean.

Horrela, Ertzaintzaren esanetan, eraso matxista ostiraletik larunbaterako gauean izan zen, Beasainen. Hori pairatu zuen emakumeak, erasotzailearen bikotekidea bera, salaketa jarri zuen Ertzaintzaren aurrean, eta agenteek gizonezkoa atxilotu eta, larunbat goizean, epailearen esku utzi zuten. Epaileak aske uztea erabaki zuen, urruntze-aginduarekin. Emakumea herriko anbulatorioan artatu behar izan zuten.

Elkarretaratzea, astelehen arratsaldean

Eraso honen aurrean, Beasaingo Zubimuzu plazan elkarretaratzea egin dute astelehen arratsaldean, xede izanik hori arbuiatzea. Protesta Beasaingo Udalak deitu du, eta Gipuzkoa Aldundiak horrekin bat egin du.

Aldundiak, halaber, erasoa salatu du, ohar batean: "Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzespen irmoena azaldu nahi du gertaera honen aurrean, eta bere laguntza eta babes gertukoena adierazi nahi dio erasoa pairatu duen emakumeari, bai eta haren gertuko lagun eta senitartekoei", zehazten du.

"Halako gertaeren oinarrian", dio oharrak, "gizon eta emakumeen berdintasun falta dago, bai eta emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak ere", amaitzen du.

____________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakumeak tratu txarrak Tratu txarrak gaur Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Beasain bideoak Albisteak Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako gida