Gizartea -
POLEMIKA
NBEk barkamena eskatu du eta webgunetik kendu du 'Guernica'ri buruzko testua
Picassok kuadro hori 'Espainiako Gerra Zibilean Errepublikaren ankerkeriaren kontrako protesta artistiko gisa' margotu zuela zioen testuak, bonbardaketaren egilea bando frankista izan zenean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nazio Batuen Erakundeak barkamena eskatu dio publikoki Espainiari eta bere webgunetik kendu du Pablo Picassoren "Guernica" artelanaren inguruan zegoen testua. Halaber, epe laburrean, testu berri bat argitaratuko duela iragarri du.
Picassok 'Guernica' "Espainiako Gerra Zibilean Errepublikaren ankerkeriaren kontrako protesta artistiko gisa" margotu zuela zioen, bonbardaketaren egilea bando frankista izan zenean. 1937ko maiatzaren eta ekainaren artean margotu zuen Picassok "Guernica" kuadro ezaguna, apirilaren 26an Gernikak bonbardaketa jasan eta berehala. Frankisten alde borroka egin zuen Alemaniako Kondor Legioko hegazkinek bonbardatu zuten Bizkaiko herria.
Stephane Dujarric NBEko bozeramaileak atzo iragarri zuenez, aipaturiko webgunea behin behinean erretiratu egin dute "zuzenketa" egin eta bertako eduki guztiak "berrikusi" bitartean.
"Benetan sentitzen dugu akatsa eta horregatik barkamena eskatzen diegu Espainiako Gobernuari eta herriari", adierazi zuen Dujarricek. Haren esanetan, "akats" bat izan da, "intentzio txarrik" eta "bigarren asmorik gabea". "Jakin badakigu Errepublikaren aldekoak biktimak izan zirela eta ez egileak", gaineratu zuen.
Asteburuan, Javier Alfonso Cerdón Leongo PSOEren idazkari nagusi eta memoria historikoaren Leongo erakunde bateko presidenteak egin zuen salaketa. Halaber, zuzenketa eskatzen zuen sinadura bilketa bat ere abian zegoen.
Akatsaren berri izan ostean, Espainiak Nazio Batuetan duen ordezkaritzak berehalako zuzenketa eskatu zion erakundeari.