Gizartea -
Indarkeria matxista
Bilbon emakume bat bahitu eta bortxatzeagatik atxilotutakoak, epailearen aurrean
Mugimendu feministak eraso matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du gaurko (19:30ean, San Anton zubian).
Agentziak | Erredakzioa
Bilbon emakume bat bahitu eta taldean bortxatzeagatik atxilotutako hiru gizonak epailearen aurrera eraman dituzte, gaua Ertzaintzaren komisarian igaro ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ertzaintzak lau gizon atxilotu zituen igandean emakumeak pairatutako sexu erasoaren ustezko egile gisa. Bat aske utzi zuten. Gainerako hirurak, 33 eta 36 urte bitarteko gizonezkoak, komisarian eman dituzte azken bi egunak.
Gaur, 09:00ak aldera, eraman dituzte Bilboko Guardia epailearen aurrera, galdeka ditzan.
Bilboko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du gaurko (19:30ean, San Anton zubian) "Autodefentsa feministaz armatuta gaude" lelopean.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek ere euren "gaitzespen irmoa eta sumindura sakona" agertu dute sexu eraso horrengatik.
_____________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.