Gizartea -

2019ko golardoak

Nobel sariak jarraitzeko gida

Urriaren 7tik 14ra bitartean sarituen izenak ezagutzera emango dituzte. Abenduaren 10ean, Alfred Nobelen heriotzaren urtemugan, golardoak emango dizkiete sarituei.

Alfred Nobel. Argazkia: Pixabay.com
Alfred Nobel
Alfred Nobel. Argazkia: Pixabay.com

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1901etik ematen dituzte Nobel sariak Fisika, Kimika, Medikuntza eta Fisiologia, Literatura, Bakea eta Ekonomia (1968tik ematen da) arloetan, gizakiaren aurrerakuntzan edo ongizatean lagundu duten pertsona edo erakundeak nabarmentzeko. Sarituen izenak urriaren 7a eta 14a bitartean emango ditu ezagutzera Alfred Nobel Fundazioak. 

Sariak abenduaren 10ean ematen dira, Alfred Nobelen (1833-1896) heriotzaren urtemugan. Asmatzaile, ingeniari, kimikari eta enpresari suediarra izan zen Alfred Nobel. Dinamita asmatu zuen, eta dirutza handia egin zuen horri esker. Hil aurretik, Nobel sariak sortu zituen, historiak luzaroan gogoan izan zitzan.

Peter J. Ratcliffe ikertzaile britainiarrak eta William G. Kaelin eta Gregg L. Semenza ikerlari estatubatuarrek irabazi dute 2019ko Medikuntzako Nobel saria, medikuntza molekularraren alorrean egindako ikerketengatik, Stockholmeko Karolinska Institutuak astelehen honetan jakinarazi duenez.

Zehazki, “geneen jardueraz arduratzen den prozesu molekularra” identifikatzea lortu dute hiru zientzialariek, “zelulak oxigeno maila aldakorretara nola egokitzen diren argituz”, Karolinska Institutuaren hitzetan.

Bestalde, James Peebles AEBko zientzialariak eta Michel Mayor eta Didier Queloz suitzarrek irabazi dute 2019ko Fisikako Nobel saria, Suediako Zientzia Akademiaren arabera. Unibertsoaren garapenaren eta Lurrak kosmosean duen lekuaren ezagutzan hirurek egindako ekarpena saritu du Akademiak horrela.

John B. Goodenough estatubatuarrak, Stanley Whittingham britainiarrak eta Akira Yoshino japoniarrak, berriz, 2019ko Kimika Nobel saria irabazi dute, ioi-litioko baterien garapenagatik.

Suediako Akademiak Literatura Nobel sari bi iragarriko ditu: 2018koa eta 2019koa. Urriaren 10ean egingo du, 13:00etan.

Bakearen Nobel saria urriaren 11n, ostiralean, iragarriko dute, 11:00etan, eta Ekonomia alorreko Nobel saria, urriaren 14an, astelehenean, jakinaraziko dute, 11:45 aldera.

Sarituei golardoa eta diploma ematen dizkiete, eta baita dirua ere, Fundazioak urtean izandako finantzen araberako kopurua. Golardoa ezin da hil ostean irabazi, ezta hiru lagun baino gehiagoren artean partekatu ere.

Stockholmen egiten dute sarien banaketa, eta Carl XVI.a Gustaf Suediako erregearen eskutik jasotzen dute golardoa.

Bakearen Nobel sariak, ordea, Oslon ematen dituzte, Harald V.a Norvegiako erregearen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nobel sariak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Norvegia Suedia