Gizartea -
Indarkeria matxista
14 urteko espetxe-zigorra, sexu-erasoa eta tratu txarrak egotzita
Gainera, zigortua ezin izango da emakumearengana hurbildu 22 urte eta hiru hilabetetan zehar, Gipuzkoako Lurralde-auzitegiak ebatzi duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Lurralde-auzitegiak gizon bati 14 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio, sexu-erasoa, tratu txarrak, mehatxuak eta irainak leporatuta. Emakume biktimarekin harremana izan zuen 2009tik 2014ra bitartean.
38 urteko akusatuari 16 urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu zuen Fiskaltzak, bortxaketa eta ohiko tratu txarrak egotzita, baita 20 urtez urruntzeko agindua ere.
Bestalde, Jose Ramon del Barrio abokatuak, akusazio partikularrak, 17 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen, bortxaketa, ohiko tratu txar fisikoak, mehatxu arinak eta irainak leporatuta.
Epaia irailaren 18an igorri zuen Lurralde-auzitegiko Hirugarren Sekzioak. Ebazpenak azaldu duenez, akusatua eta biktima elkarrekin bizi izan ziren Donostiako etxebizitza batean 2009tik 2010era. Bikote harremana behin betiko hautsi arte elkarbizitza epeak aldizkakoak izan ziren.
"Hasieratik", baina "2012tik batez ere", "indarkeria fisikoa eta psikologikoa izan ziren, belarrondoko eta bultzakadekin", aipatu ditu sententziak frogatutako gertakarien artean.
Gainera, "astindu", "besoetatik zakar heldu" eta iraindu zuen: "putakume bat zara, zure seme-alabek ere ez zaituzte maite, kaka bat zara, ez duzu ezer balio, emakume bezala ez duzu balio"; "beste gizon batekin ikusten baldin bazaitut, zureak egin du" edo "ez zaitut jipoitzen alaba aurrean dagoelako", erantsi duenez.
2017an, urtarrileko "egun batean", Errenteriako etxebizitzan, nahiz eta harremana amaitu, gizonak sexu-harremanak izatea proposatu zion emakumeari, baina biktimak uko egin zion, epaiak zehaztu duenez.
Hala ere, gizonak "ez zuen jaramonik egin, gainera bota zitzaion eta baginatik zakila sartu zion", nahiz eta biktima "gainetik kentzen saiatu, gelditzeko eskatzen zion bitartean".
Koitoa bukatuta, "ikusi, ezin izan duzu ezer egin? – Emakumeak ez zarete ezer", esan zion auzipetuak emakumeari, sententziaren arabera.
Gainera, zigortua ezin izango da emakumearengandik 500 metro baino gutxiagora hurbildu 22 urte eta hiru hilabetetan zehar, Gipuzkoako Lurralde-auzitegiak ebatzi duenez.
----------------------------------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.