Gizartea -

Seaskaren 50. urteurrena

Ikasturtea hasi eta 'gogoeta prozesua' abiatu dute Euskal Herriko ikastolek Baionan

"Ikastolok hausnartu behar dugu zer nolako erantzunak eman behar dizkiogun gizarte aldaketari", adierazi du Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk.

Seaskako presidente izan diren guztiek oroigarri bana jaso dute. Argazkia: Xabier Urteaga
Seaskako presidente izan diren guztiek oroigarri bana jaso dute ekitaldian.
'Gogoeta prozesu berri bat' abiatuko dute ikastolek, erronka berriei aurre egiteko

1:31

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baionako Bernat Etxepare Lizeoan ospatu dute ikastolek 2019-20 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia. Bertan iragarri dute hurrengo hamarkadarako "gogoeta prozesua" abiatu dutela, gizartean egon diren aldaketei ikastolek, hezkuntza erakunde gisa baina baita gizarte eta euskalgintzako eragile gisa ere, eman beharreko erantzunak jorratu eta erabakitzeko, ohar batean azaldu dutenez.

Duela hamar urte, hiru urteko "gogoeta prozesu" bat amaitu zuten ikastolek, eta horren ondorioa izan zen Ikastolen erakundetze berria Europar Kooperatiba bihurtuz. Horren ondorioa izan zen, baita ere, hamarkada honetan aurrera eraman duten "eraldaketa pedagogikoa".

Orain ere abiatzera doaz "beste gogoeta prozesu bat" ikastolen komunitatean, hurrengo hamarkadari erantzun egokiak emateko gakoak aurkitu eta garatzeko. "Gizartea aldatzen ari da. Gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskaerak ere bai", adierazi dutenez.

"Ikastolok hausnartu behar dugu zer nolako erantzunak eman behar dizkiogun gizarte aldaketari, zer nola jokatu behar dugun hezkuntza erakunde gisa, baina baita euskalgintzako eta gizarte eragile gisa ere. Behar den denbora guztia hartuko dugu lan honetan, baina, era berean, denbora hori guztia ongi aprobetxatuko dugu, abiadura hartuta, ez gara geldituko", adierazi du Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk.

Euskal gizartean eman diren aldaketen inguruan, fokua euskararen normalizazioan eta aldaketa demografikoan jarri du Tellituk. Lehenik ikasleen euskararen ezagutzaren eta kalitatearen beherakadaz ohartarazi du; gero, jaiotza tasaren jaitsiera larriaz mintzatu da; azkenik, atzerritar jatorriko ikasleen eskolatze desorekatua eta kolektibo honek proportzionalki hartzen ari duen pisua izan ditu hizpide.

"Ikasleen euskararen ezagutza eta kalitatearen jaitsierari jaiotza tasaren beherakada (1937ko datuetara goaz) eta euskara eta euskal kulturaren ezagutza urria edo eza duten ikasleen pisu gero eta handiagoa eta segregazio arriskua batuz, ekaitz perfektuaren aurrean gaudela esan genezake? Ez nuke apokaliptikoa izan nahi, baina gerta daiteke denbora gutxian ia 30 urte atzera egitea", ohartarazi du Ikastolen Elkarteko presidenteak.

Tellitu: "Gerta daiteke denbora gutxian ia 30 urte atzera egitea"

Baina arriskuak aukera gisa ere har daitezkeela erantsi du: "Herri gisa jokatuz gero, lor daiteke horri guztiari buelta ematea".

"Horretarako etxeko lanak egin dituzte ikastolek: indarrak biderkatu dituzte ikasleen euskararen erabilera eta kalitatea hobetzeko, hizkuntza proiektuak eguneratzearen bidez; euskararekiko atxikimendua bultzatzeko Pulunpa egitasmoa sortu dute; atzerritar jatorriko ikasleentzako harrera planak gaurkotzen ari dira eta baliabide urriko familientzako beka sistema berria amaitzear dute", azpimarratu duenez.

"Baina badakigu ikastolok ezin dugula hau dena bakarrik egin. Horregatik proposatzen dugu alor eta eragile desberdinen arteko elkarlana, horregatik proposatzen dugu hizkuntza ereduak gainditu eta murgiltze sistema ezartzea, horregatik proposatzen dugu atzerritar jatorriko ikasleen eskolatze orekatua eta harrera plan integralak, herri eta eskualde mailakoak, segregazio arriskuari aurre egiteko euskaratik eta euskaraz integratzea…", azaldu du Koldo Tellituk.

Lurralde desberdinetako errepasoa ere egin du Ikastolen Elkarteko presidenteak. Baionan egonik, Ipar Euskal Herritik abiatu da. Ikasturtea "itxaropentsu" ireki dute Seaskako ikastolek, ikastola berri batekin, mugimenduaren 111.a, 4.000 ikasleren langa gaindituta, eta Bernat Etxepare Lizeoa handitzeko egin den eraikinarekin.

"Baina, azken aldian, ohituta gaude ikasturte amaiera gatazkatsuetara, gure ikastolen hazkundearen neurriko irakasle postuak ukatzen dizkigutelako, edo urtero gertatzen den moduan, gure ikasleek Brebeta eta Baxoa euskaraz egiterik ez dutelako. Afera horiek ez dute ikastolen hazkundea gerarazi, ezta jaiotza tasaren jaitsierak ere. Gainera, aldez edo moldez, azkenean lortzen dugu irakasle postu gehiago izatea. Aldarrikatzeari eta dagokiguna exijitzeari ez diogu utziko, baina gure eginkizun nagusia bakean egin nahi dugu, gure ikasleei, gure seme-alabei, ahalik eta hezkuntzarik onena eman nahi diegu, euskaratik eta euskaraz", esan du Tellituk.

"Errealistak gara; badakigu ikastolentzat ez dela mesedezko traturik izango"

Nafarroari dagokionez, Gobernu berriari egin dio erreferentzia: "Errealistak gara; badakigu ikastolentzat ez dela mesedezko traturik izango Hezkuntza departamentu berritik. Ez dugu, espero, dena den, gure ibilbidean atzerapausorik, eta gobernu berriarekin ere, aurrekoarekin izan dugun harreman ona eduki nahiko genuke".

Eusko Jaurlaritza ere interpelatu du, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berri baten premia azpimarratu du.

Ikastolen Ikasturte Hasiera Ekitaldia Baionan egiteko arrazoietako bat zen Seaskaren 50. urteurrena, eta berau ere ospatu dute ekitaldi honetan. Seaskako presidente izendatu berri Peio Jorajuriak azaldu du mende erdi honetan ikastolek Iparraldean izan duten bilakaera, eta etorkizunari begira dituzten erronkak zerrendatu ditu. Omenaldia ere izan da. 50 urteotan Seaskako presidente izan diren guztiek, Argitxu Nobliatik hasi eta kargua utzi berri duen Paxkal Indorekin amaituz, oroigarri bana jaso dute ekitaldian.

Bernat Etxepare Lizeoak bi urteotan izan duen hazkundeari erantzuteko altxatu duten eraikin berria ere inauguratu dute gaurko ekitaldian. Duela bi urte egin zen eraikina, eta 300 ikasle hartu zituen. Bi urte geroago, beste 75 ikasle gehiago ditu Lizeoak, eta guztiak hartzeko iazko ikasturtearen amaieran amaitu zituzten eraikin berriaren lanak.

Ikasturte hasierako ekitaldian Akitania eskualdeko presidentea Alain Roussetek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bigen Zupiriak ere hartu dute hitza. Ekitaldira jende ugari bildu da eta gonbidatuen artean izan dira baita ere Eusko Legebiltzarreko eta Euskal Elkargoko hautetsiak, udaletakoak, hezkuntza eragileetako ordezkariak, euskalgintzakoak, sindikatuetakoak, kooperatibetakoak, unibertsitateetakoak eta Euskal Herritik hurbildutako ikastoletako ordezkari andana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Iparraldea berriak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Haurtzaroa albisteak