Gizartea -
Lau urtean behin
XXI. mendeko diaspora, Kanpoko Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarraren protagonista
Gaur hasi eta ostiralera arte egingo dute biltzarra Bilboko Euskalduna Jauregian. Euskal gizataldeen eta erakundeen arteko topaketa, lana eta lankidetza sustatzea du helburu.
EITB.EUS
XXI. mendeko diaspora izango dute hizpide gaurtik ostiralera arte Bilboko Euskalduna Jauregian abiatu den Kanpoko Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarrean. "Saregintzan" goiburupean, eta euskal gizataldeen eta erakundeen arteko topaketa, lana eta lankidetza sustatzeko asmoarekin, ostiralera arte egingo dute.
Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarezek batzarraren gaineko informazio zehatza aurkeztu dute. Iñigo Urkullu lehendakaria izango du buru hasierako ekitaldiak. Lau urtean behin egiten dute kongresu hau, eta ondorioen dokumentu bat aterako da bertatik. 2020-2023 Lau Urteko Planak jasoko duen plan hori hurrengo lau urteotan garatuko da, hurrengo batzarra egin arte.
Elorzaren esanetan, aurtengo ardatza debate-mahaiak izango dira, eta bertan parte hartzen duten herrialdeek ordezkari bana izango dute mahai horietan: “Horrela, mahai guztietako eztabaida plurala eta anitza izango da. Azken hausnarketari ekarpen handia egin diezaioketen hainbat errealitate partekatuko dira horrela”.
Askotariko gaiak
Kanpo Harremanetarako idazkariak nabarmendu duenez, bertan aztertuko dituzten gaiak askotarikoak izango dira, besteak beste hauetaz arituko baitira: XXI. mendean diasporak globalizazioarekin eta sareekin duen harremana; euskal gazteriaren eta diaspora berriaren nazioarteko mugikortasuna; eta euskal etxeen ibilbidea eta barneko funtzionamendua, eta horien beharrei erantzuteko abian jarritako programak.
Amaiera-ekitaldia urriaren 4an egingo dute, 10:00etan, Lehendakaritzan, lehendakaria buru duela.
Aurkezpen-prentsaurrekoan, euskal etxeetako ordezkariak eta Euskal Gizataldeetako Aholkularitza Batzordeko Arantxa Anitua (Argentina), Lorea Palacios (Mexiko) eta Unai Lauzirika (Alemania) egon dira.
Aurkezpenean gogora ekarri dutenez, batzarra egin baino egun batzuk lehenago, irailaren 23tik 27ra, “Gaztemundu” saioa egin da; euskal etxeetako gazteak kultura-kudeaketan prestatzeko programa trinkoa.