Gizartea -

Intoxikazioak

Osakidetzak 1.125 dozena arrautza erretiratu ditu Bizkaian salmonella kasuengatik

Galdakaon 37 pertsona eta Portugaleten beste 3 pertsona intoxikatu ostean hartu du Osakidetzak arrautzak merkatutik kentzeko erabakia.

Arrautzak. Argazkia: pixabay
Arrautzak. Argazkia: pixabay
Arrautzak. Argazkia: pixabay

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak 1.125 dozena arrautza kendu ditu zirkulaziotik, azken egunotan Galdakaon eta Portugaleten 40 lagun salmonelosiarekin kutsatu ostean, EAEko osasun zerbitzuak jakitera eman duenez.

Intoxikazio handiena Galdakaoko taberna batean gertatu zen, tortillengatik ezaguna den taberna batean, hain zuzen ere. 37 pertsona intoxikatu ziren, eta horietatik 10 lagun ospitaleratu zituzten, irailaren 21ean. Gainera, beste hiru lagun intoxikatu ziren Portugaleteko beste taberna batean. Bi tabernek jatorri bereko arrautza erabili zuten. Une honetan pertsona bakarra dago ospitalean.

Arrautzak non eta noiz erosi zituzten galdetu eta tortillen eta arrautzen laginak jaso ostean, salmonellaren jatorria aurkitu dute, eta kutsatutako sortak merkatutik kendu dituzte.

Osasun Saileko ikuskatzaileak arrautzak erosi zituzten taberna eta jatetxeetan bertaratu dira, eta aipatu sortako arrautzak eraman dituzte.

Dena den, Osakidetzak gogorarazi du arrautza gordinarekin egiten diren tortilletan arrautza ongi gatzatu behar dela, salmonella hiltzeko, eta beste aukera bat tortillak pasteurizatutako arrautzekin egitea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Galdakao berriak Portugalete Gizartea Eguneko albisteak Albisteak