Gizartea -
Arrasaten
AHT Gelditu! taldeak manifestazio deialdia egin du ekainaren 11rako
Gelditu Elkarlana! koordinakundeak antolatuta, "Tenemos razones para parar un tren, AHT gelditzera goaz!" lelopean bilduko Arrasaten, AHTren aurka protestatzeko.
Erredakzioa
Abiadura Handiko Trenaren aurka dauden taldeen eta erakundeen koordinakundeak manifestatzeko deialdia egin du datorren ekainaren 11rako, Arrasaten (Gipuzkoa), AHT "gelditzeko" asmoz.
"Tenemos razones para parar un tren, AHT gelditzera goaz!" lelopean manifestatuko dira eta "AHTren aurka dauden atal sozial desberdinak biltzea" dute helburu. Gainera, "AHTren eraikuntzaren geldiketa eskatuko dute", Donostian eskainitako prentsaurrekoan protestaren antolatzaileek azaldu dutenez.
Hauek baieztatu dutenez, "obrak oraindik ez dira hasi zenbait tartetan eta ez dituzte hirietako sarrerak zehaztu". Gainera, "obrek eragindako zarata eta kutsadura direla eta salaketa anitz jarri dituzte". AHT Gelditu! taldeko kideek jakitera eman dutenez, Aralari, Bilduri, NaBairi eta Ezkerrari eskutitz bat bidali diete, "haiekin AHTren aurkako borrokan zenbait hausnarketa partekatzeko asmoz".
Gutunean salatu dutenez, AHTk "eraso basatia eragiten dio ingurugiroari eta gizarte ereduan eragin larria dauka". Ildo horretan, ''euskal Y''ren "borrokari bere balioa bueltatzeko" eskatu dute; izan ere, "egun bigarren mailan dago".