Gizartea -

'Gurtel auzia'

Epaileak 15 milioi euroko fidantza ezarri dio Francisco Correari

Correaren abokatuak fidantzaren aurka egingo du "astakeriatzat" jo baitu. Francisco Correa, Gurtel auziaren ustezko burua, 2009ko otsailean espetxeratu zuten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Pedreira Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko epaileak Francisco Correa Gurtel auziaren ustezko buruaren baldintzarik gabeko behin-behineko espetxeratze egoera aldatu du, eta 15 milioi euro ordainduta kartzelatik irten ahal izango da Correa.

Epaileak gaur aurkeztutako autoan dioenez, kontuan izan behar da Correak denbora asko daramala espetxean (2009ko otsailean sartu zuten), eta, “ihes egiteko arriskua badagoen arren, Estatuko Segurtasun eta Indar Kidegoek zaintzarako beharrezko neurriak hartu ditzakete".

Halaber, ikerketa oso aurreratuta dagoenez gero, "ez dago instrukzioan oztopoak jartzeko, materiala suntsitzeko, ezkutatzeko, edo iturriak edo instrukzio tresnak moteltzeko arriskurik".

Fidantza handiaren harira, hau esan du Pedreirak: “Correak dirutza handia du eskura. Gurtel auziko burua da, eta auziko beste inputatu guztiek baino diru gehiago dauka".

Fidantza aurkeztu eta kartzelatik irtengo balitz, pasaportea kenduko liokete eta ezin izango litzateke Espainiatik irten; halaber, astean birritan, astelehenean eta ostiralean, epaitegira bertaratu beharko luke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea