Gizartea -

Gernika

Goi mailako abelburuak, Gernikako Urriko Lehen Astelehenean

Abeltzaintza ustiategi onenen sariak Karrantzara, Aloriara eta Aiara joan dira, giro handiko eta eguraldi ederreko azoka egun honetan.

Santa Anako aparkalekuan izango da lehiaketa. Artxiboko argazkia: EiTB
Santa Anako aparkalekuan izango da lehiaketa. Artxiboko argazkia: EiTB
Bertako produktuak eta jende ugari Gernikan, urriko lehen asteleheneko azokan

1:26

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak anfitrioi lanak egin ditu gaur Euskadiko Abeltzaintza Ustiategien Lehiaketaren XIX. Edizioan, Gernikako Urriko Lehen Asteleheneko azokan. Hiru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak banatzen dituzten sari horiek maila teknikogatik edo ekoizpen iraunkorraren aldeko apustuagatik egindako lana saritzen dute, eta lau kategoriatan banatzen dira: esne behia, haragi behia, esne ardia, eta bazka.

Aurtengoan, EAE mailan, sarituak hauek izan dira: CB Hernaiz (Karrantza) esne behien artean; Hermanos Apodaca (Aloria) haragi behien kategorian; eta Orotegi (Aia) esne ardien artean.

Bizkaian, A.I. Aguirreburualde ETC-k, Joseba Rekaldek eta Sabin Aranburuk jaso dituzte sariak esne behietan, haragi behietan, esne ardietan eta bazkan, hurrenez hurren (Aranburuk azken biak eskuratu ditu).

Araban, berriz, SAT Etxalde izan da irabazlea esne behietan, Jabier Rodriguez haragi behietan, Ruiz de Zarate Cantal S.C. esne ardietan, eta Ricardo Garcia bazka onenean.

Gipuzkoan Ondazarte Gain S.L., Alberto Irastorza Apaolaza eta Irene Irastorza Iraola T.C., Baztarrika E.Z. eta Ramon Mugertza izan dira sarituak, aipatu kategorietan.

1.000 euroko sariak Genikako Urriko Lehen Asteleheneko azokaren baitan eman dituzte, azoka eremuan bertan, lehiaketa antolatu duten lau erakundeetako ordezkariak bertan zirela.

Euskadiko Abeltzaintza Ustiategien Lehiaketa modernizazioa sustatzeko helburuarekin sortu zen. Aurretik, Euskadiko Belar Siloratze Lehiaketa egiten zen, 2000. urtean abeltzaintza ustiategien norgehiagokak lekua hartu zuen arte.

Kalitatearen labela duen pirenaika arrazako haragi dastaketa ere izan da azokan. Hala, 2.500 txahal-saiheski errazio inguru banatu dituzte. Bertaratu direnek, gainera, sagardoa, txakolina, ogia, euskal pastela eta gazta erosi ahal izan dituzte, ganadua hartu duen karpa erraldoiaren inguruetan kokatutako 30 postuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gernika-Lumo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza albisteak gaur Abeltzaintza enpresak